argia.eus
INPRIMATU
Teilatu auto-erregulatzaileak
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko maiatzaren 05
Jakina da kolore zuriak eguzki-izpiak islatu eta kolore beltzak xurgatu egiten dituela. Teilatu zuriak izango bagenitu udan aire girotu gutxiago erabiliko genuke, baina neguan berogailua gehiagotan erabili beharko genuke. Eta teilatu beltzak izanez gero, alderantziz.

Ederra litzateke, beraz, neguan kolore beltza izatea teilatuak, eta udan zuria. Ildo horretako ikerketaren berri ez dugu izan orain arte,  baina berriki, ikerlari talde estatubatuar batek, janari azkarra egiteko erabiltzen den olioan oinarrituz, udan beroa islatu eta neguan beroa xurgatzen duen materiala lortu dutela iragarri du.

Diotenez, material berriak ez du ia usainik, ez du su hartzen, ez da toxikoa eta edozein teilatutan jar daiteke. Iraupen luzekoa da eta, denboraren poderioz dituen propietateak galduko balira, kendu eta geruza berria jarriz teilatua prest legoke berriro. Ikerketa sustatu duen enpresak itxaropena du hiru urte barru hasteko asmakizunaren komertzializazioa.