argia.eus
INPRIMATU
"PSOE eta PPk duten lotura puntu hori guri kontra egiteko darabilte"
Mikel Asurmendi @masurmendi 2010ko maiatzaren 09a

PSOE PPrekin borrokan ari da Madrilen eta EAEn berriz, PSE-EE eta PP bat eginda daude. Nola bizi duzu zuk egoera hori Madriletik.


Paradoxa izugarria da. Noski, ni izendatuta nago bai PSOE bai PPrekin hitz egiteko, eta batek besteari buruzko kritika latzak egiten dizkidanean, nik esaten diet Euskadin hain lagunak izanik, nola diren hain etsaituak Madrilen. Horrek bere azalpena du: PPk eta PSOEk jarrera kontrajarriak dauzkate politikaren arlo ia guztietan, gai sozialetan, estatua nola antolatu botereen banaketan, politika ekonomiko eta industrialean, denetan, baina gauza bat daukate komunean: Espainiaren ideia berdin-antzekoa daukate. Lotura puntu hori darabilte hemen guri kontra egiteko.


(...)


Estatu autonomikoa bien artean diseinatu zuten, PPk hoztasun handiagoz, baina biena da, euren seme-alaba da, biona. Hori beste gauza guztien gainean dago. Eskema hau ezin da apurtu, nahiz eta beste esparruetan elkarren aurka egon, hori nagusitzen da batak bestea salbatu aldera. Indar erakargarriagoa dauka haientzat euskal nazionalismoaren kontrako frente amankomun bat egiteak krisi ekonomikoari aurre egiteko behar den lan komunak baino.


Euskal Herrira etorriz, Ibarretxe zokoratua, EAJren nahia politika instituzionala baino ez dela diote beste alderdi abertzale batzuek.


Hori ez da egia. Juan Jose Ibarretxe alderdiaren babes osoarekin aurkeztu zen azken hauteskundeetan eta irabazi egin zuen. Alderdiaren oinarrizko eta goi erakunde guztien babesarekin. Ulertzen dut alderdi barruan eztabaidarik ez daukatenek halako salaketa egitea. Eredu bulgariarrari segitzen dute euren alderdietan, baina gure alderdian zorionez ez da horrela gertatzen. EAJn ikuspuntu asko dago, hainbat sentsibilitate dago –ez sarri askotan aipatzen den penduluaren araberako sentsibilitateak–: nekazal eta hiri munduko sentsibilitate ezberdinak, euskaldun eta erdaldun mundukoak –guk bietan ditugu erroak, Bilbo eta Bizkaia, Donostia eta Gipuzkoa–.

Bizkaiako, Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako sentsibilitateak anitzak dira. Alderdi aberatsa gara, eztabaida asko lantzen duena. Ibarretxeren hautaketan eta egindako bidean estrategiari zegozkion eztabaida sakonak izan ziren, eta hartu ziren erabakiak aho batez onartu ziren.


Antzeman duzue nor izan daiteke Ibarretxeren ordezkoa lehendakari gai bezala?


Ez. Oraindik oso goiz da. Udal eta Foru hauteskundeak dira lehenik. Eusko Legebiltzarrerakoak urrun daude, legealdia osoa beteko baita, PSEren eta PPren bermea du-eta. Etorriko da hala ere, horretako unea.


Josu Erkoreka lehendakari gai agian?


Ez. Ez edozein militante baino aukera gehiago dudalako, beste edozeinek nik adina aukera du. Beste kide asko dago alderdian. Nik ez dut imajinatu ere.


EAJk nola aurreikusten ditu udal eta foru hauteskundeak?


Guk argi daukagu, Alderdi Politikoen Legetik eratorritako ekimen legegile guztiak arbuiatuko ditugu orain arte bezala. Jarrera hori argi izan dugu beti. Legea Kongresura datorrenean ere kontra bozkatuko dugu.

Hauteskundeak praktikan zer izango diren? Bada, argi eta garbi, PPko Alfonso Alonsok adierazi duen bezala, Eusko Jaurlaritzako ituna ahalik eta instituzio gehienetara eraman nahi dute.

Ezker abertzalea kanpo geratzen bada, eta gainerako indar abertzale guztiak sakabanatuta gaudenez gero, panorama zaila da. Baina gu ez gara horren erantzuleak. Adibidez, guk ez dugu Hamaikabat alderdia sortu, ezta? Guk gizarteari errealitatea zein den adierazi behar diogu. PPk eta PSEk bat egitea eta horren ondorioak ontzat hartzen dituenak azal dezala bere jarrera. Beraz, dagoenarekin jokatu beharko da. Politikan utopia behar da baina beti ere pragmatismo batekin. Hori da EAJren lema.


Nola ikusten duzu egoera honetan ezker abertzalea?


Ezker abertzaleak esaten duenean beren egoera eta ibilbidea ez dela laburra, ez daudela datorren urteari begira, PSOEri elkarri keinuak egiten ari da. Bi-biak ari dira elkarri keinuka, batek neurri bat hartu, besteak bestea. Hor batzuen nahiz besteen interesak daude jokoan, hasteko, udal eta foru hauteskundeei begira.