Euskarak botanikan txertatu dituen landare-izenen azkenekoetako bat hauxe da, nafarroana, Iberis carnosa subsp nafarroana. Mediterraneoaren mendebaldeko mendietan bizi den espezie honen barruan Nafarroana abizena Lizarra ondoko Antzinen topatu ziren ale bitxi batzuei eman zitzaien. Margarita Moreno botanikariak 1984an proposatu zuen subespezie gisa, Jakako herbarioan 1972az geroztik jasota dauden ale batzuk oinarri, eta ez ditu oraindik bedeinkazio guztiak jaso. Ohikoak baino tentexeagoak izateko joera dute, eta bitxilore izena duen botanikariaren ustez subespezie bat osatzeko adina desberdintasun badu multzo nafar honek. Hiru kilometro koadroko sailean bostehunen bat ale besterik ez dago. Bizilagun dituzte arte, elorri-triska, elorri zuria, estrepa edo txaraka, ezkaia, xaboi-belarra... Karea nagusi den lurretako koadrila. Nafar koadrila honetaz kanpo Euskal Herri osoan bizi diren beste denak Iberis carnosa subsp carnosa edo Iberis saxatilis subsp saxatilis dira. Berriz ere Margarita bezalako bitxiloreren bat etorri eta aparteko ezaugarriak dituen beste multzo bitxiren bat topatu eta definitzen ez duen artean... Honek, behinik behin, euskarari tokia eman dio botanikan nafarroana hitzarekin. Beste upeleko sagardo dira, adibidez navarrana edo navarrensis abizena daraman hainbat eta hainbat landareri izena eman dioten botanikariak. Ozpinduaren barrika-gustu bizia izango zuen, bai, Armeria euscadiensis izena “c”-z jarri zutenen sagardoak, Provenceko Unibertsitateko Botanika Laborategiko Pierre Donadille eta Jean Vivant ortheztarra. Azken honek berak “deskubritutako” landareen artean beste euskaldun bat ere badu, baina hari ere zer abizen jarriko eta vasconensis, Euphorbia polygalifolia subsp vasconensis, alegia.