argia.eus
INPRIMATU
Jenkinsen belarria eta Lezo madarikatua
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2010ko maiatzaren 05
Londres, 1738. Robert Jenkins kortsarioak urte batzuk lehenago Fandiño kapitain espainiarrak moztu zion belarria erakutsi zuen Lord-en Ganberan. XVIII. mendean Espainia eta Ingalaterra munduko itsas potentzia nagusiak ziren; lehena gainbehera zetorren, eta ingelesek Amerikako merkatu oparoak eurentzat nahi zituzten. Robert Walpole-ren gobernuarentzat belarriarena nahikoa aitzakia izan zen espainiarrei gerra deklaratzeko eta, hala, Jenkinsen Belarriaren Gerra hasi zen.

1739ko abenduan, Andrew Vernon almirantea Portobelora iritsi eta erraz hartu zuen hiria mendean. Espainiarrei erasotzeko hurrengo pausoa Cartagena de Indias hartzea zen. Ederki babestutako gotorlekua zen Cartagena: frantsesak eta ingelesak hemezortzi aldiz saiatuak ziren ordurako hiria hartzen, alferrik. Horregatik, ingelesek zorrotz prestatu zuten erasoa. Ordura arteko gerra ontzidi handiena bildu zuten Jamaikan: 186 ontzi, 23.600 gizon eta 3.000 artilleria pieza. Kopuru horiek soilik D egunean Normandian bildutako indarrek gaindituko zituzten, 200 urte geroago. Parean, espainiarrek armadako sei ontzi eta 3.000 gizon baino ez zituzten. Sebastian Eslava erregeordeak laguntza eskaria bidali zuen Habanara, baina abisua ez zen sekula iritsi. Espainiarrek aukera bakarra zuten: Blas Lezo Olabarrieta (1687-1741), Cartagenako komandante jenerala (irudian). Pasaitarrak esperientzia handia zuen itsasoan eta gerran, Frantziako nahiz Espainiako armadetan. Jenkinsi baino gorputz atal gehiago falta zitzaizkion: 30 urte bete baino lehen hanka, beso eta begi bana galduak zituen.

Baina Vernonek ziurtzat jotzen zuen garaipena. Ingalaterrara ontzi bat bidali zuen, oroitzapenezko dominak egiteko enkargurekin. Domina horietan Blas Lezok belauniko agertu behar zuen, hiriko giltzak eskaintzen zizkiola.

1741eko martxoaren 20an Vernonen ontzidia Cartagenako badian sartu zen, apirilaren 13an hiriaren setioa hasi zen eta lau egun geroago San Felipe gaztelua hartzea baino ez zitzaien geratzen. Lezok sigi-sagan lubakia egiteko agindua eman zuen ingelesak gaztelura irits ez zitezen, eta bi soldadu etsaiengana bidali zituen horiek engainatzeko eta berak nahi zuen tokian biltzeko. Pasaitarraren asmoa betez, harresiaren albo batean bildu zirenean, gogor eraso zien eta ingelesek ihes egin zuten.

Alde egin baino lehen “God damn you, Lezo!” bota omen zuen Vernonek. Ingelesak ez ziren Cartagenara itzuli, baina Vernonen madarikazioa handik gutxira bete zen: Blas Lezo 1741eko irailean hil zen.