argia.eus
INPRIMATU
Bihotzekoak eta langileen suizidioak
Juan Mari Arregi 2010ko maiatzaren 06a
Joan den pirilaren 28an, Lanean Osasuna edukitzearen aldeko nazioarteko eguna egin zen Europan. Euskal Herrian, munduko beste lekuetan bezala, sindikatuek bultzatutako ekitaldi, manifestazio eta mobilizazioak egin ziren. Nahiz eta fisikoki bananduta egon, aldarrikapen bakarra egin zen: laneko ezbehar-tasa salatu eta lanean osasuna hobetzeko eskatu. Finantza eta ekonomia krisiak langileen osasuna larriagotzea ekarri du azken bi urteetan: estres gehiago dago, eta lanpostua galdu eta langabeziaren zerrendetara erortzeko aukeraren aurrean, depresioa eta larritasuna sortu da. Larritasuna eta depresioaren arazoei aurre egiteko psikofarmakoen preskripzioak %12 egin du gora. Laneko heriotzen %31 bihotzekoak jota izaten da.

Zerbait larria ari da gertatzen, gure lantokietan eta gure jendartean, egoera hori ahalbidetzen duena. Langileek eta beren familiek, lan etorkizun ilun eta zalantzazkoaren aurrean, estresa eta larritasuna jasateaz gain, prekarietatea, malgutasuna, azpi kontratazioa eta behin behinekotasuna jasaten dute. Horrek guztiak lan ezbehar-tasa handiagoa eragiten du, eta ondorioz, bihotzekoak, hildakoak eta suizidioak. Beraz, bestelako lan eta gizarte eredua behar da, langilea makina beharrean, pertsona izango dena. Horretarako eredu sozioekonomiko berriaren alde egin behar da, enpresen etekin handienak langileek lantokian osasuna edukitzera bideratzeko. Amianto kantzerigenoak bezalaxe, eredu kapitalistak hil egiten du!