argia.eus
INPRIMATU
Ederra eta piztia, biak bat direnean
  • The Wet Band ::Waterproof

    Gaztelupeko Hotsak / Danbaka

    iraupena ::56'38''

    prezioa ::10€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Mutrikuko talde hau gaztea da, baina badaki atzera begiratzen eta iraganetik onena ateratzen. 60ko hamarkadako Hendrix, Santana eta antzekoen arima berreskuratu, 70eko hamarkadako hard-rockaren zaldi gainera igo eta era berean, antzinako musikari gaurkotasunez begiratzen diote. Are gehiago, Ainara abeslariaren ahots-txorrotari esker, gai dira instante batean goxotasunetik zure gainetik pasatzen den tinbrera igarotzeko. Horretarako, soul, rock, pop, stoner, funky eta nahi duten estilo guztietatik pasa dira maisutasunez eta dotoretasunarekin. Pieza gehienetan ingelesez abesten dute –euskarazko salbuespena dago– eta Ainarak ez ezik, Iñigo baxu jotzaileak eta koroak sartzen dituztenek ere piezak ederto borobiltzen dituzte zaindutako ahotsekin. Danbaka lehiaketan ikusle eta epaileen saria jaso zuten.

www.myspace.com/thewetbandrock
Musikak mundua ez, baina bertan gaudenon egoera animikoa aldatu dezake

Zuek ura/ hezetasuna/ inspirazioa desertuan ere aurkituko zenukete, ezta? Zerk inspiratzen zaituzte konposatzerako orduan?


Gure arima barruko egoera emozionalek eramaten gaituzte, askotan, konposatzera; gainezka egin eta hustea eskatzen digutenean. Batzuetan amodioa dela medio, adiskidetasuna, gizarteko gertaerak, bizitzako etapak… eta musika bera ere bada hitzak idazteko inspirazio iturri.

Harrigarria da zuen adina kontuan hartuta zuen musikak hein handi batean 60ko eta 70ko hamarkadetako klasikoei begiratzea. Zer aurkitzen duzue talde horietan?


Soinuaren indarra, jarrera eta estetika, kantek entzulearengana iristeko duten erraztasuna, ahotsek eta koroek dituzten ñabardurak… Bi hamarkada horiek eragin izugarria izan dute gero etorri den guztian. Hala ere, guk denetik entzuten dugu.

Kanta batzuetan hard-rocka otzandu egiten duzuela esango nuke, eta horretan zeresan handia izan dezakete Ainararen ahotsaren kontrapuntu garrantzitsuak eta kantei gehitzen dizkiozuen ñabardurak…


Bai, ados gaude. Rocka da gehien lantzen dugun estiloa, baina gure eremuetara ekarriz. Sustrai desberdinetatik gatozen bost buru gara, eta kantak lantzean bakoitzak bere ukitua ematen dio. Ainararen ahotsa da ñabardura horietatik garrantzitsuenetako bat eta guztion artean baliteke efektu hori lortzea.

Asko zaintzen dituzue ahotsak, bai Ainarak, bai Iñigok, baita gainontzekoek ere, koroetan.


Kantak konposatzeko eta eraikitzeko orduan guretzat ahotsaren melodiak dira lehen urratsa eta ondoren instrumentazioa eraikitzen dugu. Koroak melodia horiek nabarmentzeko bide bikaina dira.

Dry land eta Hutsik oso abesti kritikoak dira. Musikariek mundua hobetu dezakete?


Agian munduaren egoera ez, baina bai munduan bizitzen gauden pertsonon egoera animikoa; bai onerako eta bai txarrerako. Kontzientziak pizteko arma ere bada musika.