argia.eus
INPRIMATU
Gizarteratuz doa “prozesu demokratikoa”
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko ekainaren 30a
iruñeko agerraldiarekin ezker abertzale historikoak beste urrats bat egin du “prozesu demokratikoaren”  ibilbide luzean, funtsean ETAri lehenbiziz prozesu berri honetan su-etena eskatu diolako. ETAri Bruselako adierazpenari modu eraikitzailean erantzuteko eskakizunak hori esan gura du. Zeharkakoa, baina eskaera  argia da. Eta hala antzeman du baita ere klase politikoak, hori bai, ohi moduan argi utziz ez dela nahikoa, gehiago behar dela eta berandu datorrela.

Baina ñabardunak ere agerikoak dira bata eta bestearen artean. PPren atea itxita ageri da, gehienetan legez. PS0Ek ere formalki antzera jarraitzen du, baina atea hasi da irekitzen apurka, ohi moduan, Jesus Egigurenen aldetik: Berria-n larunbatean egindako elkarrizketan argi adierazten zuen sinesten zuela ezker abertzalearen borondatean, baina oraindik ez zela sozialisten laguntza lortzeko unea, horretarako ETAk oraindik erabakirik garrantzitsuena hartu beharko zuela, armak behin-betiko uztea –armena esan gabe, baina argi adieraziz–.

EAJrekin Batasunak izandako bilerak ere aurrerapausoen berri dira, areago jeltzaleek sinesgarritasuna ematen badiote ezker abertzalekoek kontatutakoari. Baina esanguratsuenetakoa bileraren berri ematea bera da. Halakoetan ohikoa den moduan, apurka gauzak azaleratzen hasten dira.

Agirira itzuliz, bitxia da hasierako esalditik prozesu hau gehiengoz onartu dela argi eta garbi azpimarratzearena, hori garbi uztea oso garrantzitsua dela adieraziz. ETAren erantzuna da orain funtsezkoa eta, denak pentsarazten du su-etenarekin erantzungo duela, prozesuaren osasunerako hori egitea gehien komeni denean. Bestela panorama txarra ezker abertzale historikoarentzat. Eta bidenabar euskal gizartearentzat ere bai.
                                                                                
NaBai-k bere barne zalapartekin jarraitzen du, oraingoan batez ere Batzarrek –NaBairen jarreraren aurka– bat egin duelako Nafarroako Legebiltzarrak onartu berri duen biktimei buruzko lege berriarekin. Aspalditik iragartzen ari den txokearen beste pasarte bat. Ez da oraingo kontua Batzarrerekiko urruntasuna, batez ere Aralarrekikoa. Zabaletaren alderdiak PSNtik aldendutakoekin eta Ezker Batuarekin batera, beste zerbait eraikitzen ari dela leporatu dio. Berriki Nafarroan 36ko Gerran fusilatutakoak omentzeko Iruñean egindako ekitaldian ikusi omen ziren hiru taldeon elkarlanaren zantzu batzuk. Batzarreren mugimenduak aspaldikoak dira eta oso atzean geratu da 1999an HBrekin batera EH osatu zuenekoa. Identitatea, gatazka eta biktimen eremuetan mugimendu oso esanguratsuak egin ditu azken urteetan eta Legebiltzarrean gertatutakoa horien agerpen publiko esanguratsuena da seguruenik. Garai batean EAEko alderdi anaia zuen Zutik-ekin ere ez du ia loturarik eta hori ere mugimendu horien adierazle bada.

NaBai-n topo egin arte, EAJk eta EAk behin ere ez dute gertuko izan Batzarrekoen ibilbide politikoa. NaBaiko bazkideen harremana korapilatsua bada, are gehiago Batzarrerekikoa. Aralarrek, aldiz, EArekin ia akordioa lortu duela zabaldu du eta EAJrekin gertu dagoela. Eta, Maiorga Ramirezen ahotik, EAk berretsi du gertu direla. EAJrekin ere ez omen dira urruti. Aralar da negoziazio politiko hauen eduki eta gidaritza eramaten ari dena eta, publikoki bederen, NaBaira tentsioa ekarri duena.

Ezker abertzale historikoak gogor kritikatu du Aralar eta EAJren jarrera (www.ezkerabertzalea.info orrialdean), NaBai bi alderdi horien eta Diario de Noticias-en intereseko jokaldia dela salatuz, eta EArekin sartzea saihestuz. EAk azkenean NaBairen aldeko apustu egin duela dirudi eta hori bada zerbaiten zantzu: oraingoz behintzat Batasunarekiko hauteskunde aliantza baztertzen dela Nafarroan.