argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2010ko apirilaren 27a

Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena musikagilea Euskonews & Media agerkari digitalean: "[Artistaren inspirazioa] zalantzazko terminoa da niretzat... Mundu erromantikoari dagokio eta nire iritziz gaizkiulertuak sortzen ditu. (...) Musika-ideia bat, instalazio bat, edo agian elektronikoa den zerbait aurrera eramateko modua lantzen ari zara, eta une batean ondorio jakin batera iristen zara. Baina hori ez da bat-batean gertatzen. Egitasmoa poliki-poliki heltzen doa, eta azkenean zalantzak argitu egiten dira eta sortzeari ekiten diozu. Eta bai, horrek badu zerikusia inspirazioa esaten diotenarekin, baina ez dut uste argitasun berezia duen musikariaren irudiarekin lotuta dagoenik".

 

Iñigo Muguruza musikariak Berrian: "Behin Kuban izan ginen, eta handik bueltan Ferminek askotan kontatzen zuen, umorez, Fidelekin [Castro] egoteko aukera izan genuela, eta hark esaten zuela: ‘Negu Gorriak gustatzen zait, baina Kortatu hobea zen’.Gauza bitxia da, baina talde bat desagertzean azaltzen dira zale asko. Azkenaldi honetan esan izan didate: ‘Niri benetan gustatu izan zaidana Sagarroi da’. (...) Niretzat, Youtube aurkikuntza ona izan da. Atzera begiratzeko erabiltzen dut. Denetik dago. Rory Gallagher, The Specials, Silvio Rodriguez, rock musikari zaharrak, bluesmanak... Akaso, argazki zahar bat baino ez da agertzen, baina oso grabazio on batekin lagundua".