argia.eus
INPRIMATU
Nortasun agiria
Uxue Alberdi Estibaritz 2013ko maiatzaren 07a
Karmelo Landa Mendibe 1952ko uztailaren 16an jaio zen Ean. Euskaltzaindiak earra dela esan arren, Karmelok eatarra edo “ietarra” dela dio, “earra” izateko arazo handirik ez badu ere. Zazpi seme-alabetan zaharrena da. Historia garaikidean eta modernoan lizentziatua, filosofia eta letrak ikasi zituen. Gernikako eta Deustuko ikastoletan hasi zen eskolak ematen, eta EHUko literatura irakaslea da 1981etik. Politikari ezaguna da. Amnistiaren aldeko mugimenduan luzaro aritu zen lanean; 1990etik 1994ra europarlamentari izan zen, eta baita Gazteizen legebiltzarkide ere, Herri Batasunatik, 1994-98 legealdirako hautatua, harik eta mahai nazionala kartzelaratu zuten arte. Oraintxe bete du hirugarren kartzelaldia. Behin behineko askatasunean dago, epaiketaren zain. 10 urteko kartzela zigorra eskatzen du beretzat fiskalak, ETAko kide izatea leporatuta.