argia.eus
INPRIMATU
Kolesterola eta arrautzak: Egiak eta gezurrak
Jabier Agirre 2010ko apirilaren 22a
Arrautza jaki eztabaidatua da, inondik inora. Sarritan, gure gorputzeko kolesterol kopurua gehitzen duen ustea dela-eta, hainbat jan-neurritatik baztertua izan da, horretarako egiazko arrazoirik egon gabe. Arrautzaren inguruko mitoak eta uste ustelak gezurtatu nahian, nutrizioaren arloko adituek aspaldi utzi zuten argi zer jakin behar dugun haiei buruz.

Aurreneko mitoa
, arrautza handiak kalitate handiagokoak direla. Justu alderantziz gertatzen da. Oro har, zenbat eta txikiagoa izan arrautza, orduan eta hobea, probabilitate gehiago baitago oilo gazte batek jarria izateko. Arrautzaren kalitatea ez du tamainak ematen, oiloaren adinak baizik.

Zeri erreparatu behar diogu arrautza bat kalitatezkoa den ala ez jakiteko? Lehenik eta behin, freskotasunari, eta horretarako hobea da gertukoa izatea, lekuan lekukoa onena. Kontsumitzeko garairik onena oiloak arrautza jarri eta 28 egunera izaten da.

Zenbat arrautza har daitezke egunean? Arrautzak duen balio nutritibo altuagatik –erraz digeritzen diren proteinak, bitaminak, mineralak eta burdina–, pertsona sano batek egunean arrautza bat har dezake, dieta orekatu baten barruan, baina gomendatzen den kontsumoa 3-4koa da astean. Hor sartzen dira baita flan, bizkotxo, krema eta saltsak egiteko erabiltzen diren arrautzak ere.

Edozein adinetan har daitezke? Bai, batez ere hazkunde, haurdunaldi eta edoskitzeko garaietan, arrautzak ezinbesteko elikagaitzat jotzen dira. Pertsona helduetan prestatzeko eta mastekatzeko errazak direlako, eta balio nutritibo handia dutelako gomendatzen dira. Gorringoak, gainera, garuneko funtzioa eta oroimena estimulatzen ditu.

Zenbat har daitezke kolesterola altua denean? Pertsona baten odoleko kolesterol-maila, dietak eta beste faktore batzuek baldintzatzen dute. Pertsonen %20ri baino ez zaie handitzen kolesterol-maila elikadura desegokia denean. Arrautzaren koiperik gehienak, gainera, insaturatuak dira, kolesterol ona gehitzen dutenak. Horregatik, kolesterola altua dutenei astean 2-3 arrautzatik ez pasatzeko esaten zaie.