Jon Dorronsorok 34 urte daramatza dantzan Legazpiko Sustraiak Dantza Taldean. Beti ezagutu ditu taldean neska gehiago mutilak baino. Sustraiak du izena dantza taldeak, baina Dorronsoro ez da erroak betikotzearen aldekoa, izaera mantenduz garaian garaiko aldaketak egin behar direla dio; esate baterako, neska-mutilak gogoaren eta beharraren arabera dantzetan tartekatzea.
Neskak eta mutilak nahasian dabiltza zuen taldean.
Entseguetara datozen gehienak neskak dira, beraiek hartzen dute parte gehien eta gero mutilek atera behar al dute plazara? Entseguetan ordu gehiagoz aritu eta jendaurrean gutxi azaltzeak ez dauka zentzurik. Neskak aterako dira, adibidez, mutilak baino hobeak direlako, edo mutil gutxi dagoelako eta neska asko, edo neskek beraiek nahi dutelako.
Esate baterako, mutilen dantzatzat hartu ditugun horietan neskak aritzea taldean erraz onartzen al da?
Bai. Guk ez daukagu inolako arazorik, nik garbi daukat, entseatzen duguna erakustea gustatzen zaigu eta entseguetan neskak dira gehiengoa. Igoal akatsa gurea izan da, “dantza hau mutilena da, beste hau neskena” esan izan dugu, eta gero entseguetan denok nahastuta ibiltzen gara, neska eta mutil kopuruaren arabera. Entseguetakoa erakutsi beharko genuke jendaurrean. Gainera, gaur egun nesken dantzatzat hartzen direnak hasieran mutilek baino ez zituzten dantzatzen: zinta-dantza, makil txikiak…
Eta ikusleek nola erreakzionatzen dute?
Izan daiteke erreakzioren bat izatea: “Baina hauek zergatik egiten dute horrela?”, baina guri ez zaigu ezer iritsi.
Nolako nahasketak egin izan dituzue?
Ezpata dantza “mutilen” dantza da. XX. mendeko 60ko hamarkadan, Legazpin, aurrealdean neskak atera ziren, mutil gehiago ez zegoelako. Beharrak eraginda neskek ezpata dantza egin zuten eta gaur egun ere taldeak ez dauka inolako arazorik neskak aritzeko. Neskek beraiek dute arazo gehiago. Iaz ere esan genien: “Egin zuek ezpata dantza” eta ez ziren ausartu, edo ez dakit zer... Sorgin dantza, Antzuolan, mutilek egiten dute, beraiek neska eta mutil rola beteta. Gu batzuetan mutilak neskaz jantzita eta neskak mutilez jantzita ateratzen gara. Ikuskizunaren arabera, nahasketak egin ditzakezu.
Lehen gauzak nola egiten ziren horri garrantzia ematen zaio, bada.
Baina lehen, dantza taldetan zebiltzanek ere aldaketak egingo zituzten, hamar urtetik hamar urtera igoal... Sagar dantza oso fina da orain, feminizatua dago. Bada, dantza hori Baztanen mutilek egiten dute, ez dut uste koreografia hori fin-fina denik. Beste adibide bat emango dizut: Legazpin, maiatzaren 3 batean hanka lehenengo biran altxa beharrean bigarrenetik aurrera jasotzea erabaki genuen, uste dut beterano samarrak ginela eta gutxi entseatuak. Bideoan grabatu zen dantza hura eta urte batzuk geroago Irunera joan ginen haiei ezpata dantza erakustera. Gure bideoarekin ikasia zuten dantza. Lehenengo biran fiu! hanka altxa genuen, eta haiek: “Ez, ez, hori bigarren biran da!”, eta guk: “Bideoan bai... gaur ez...”. Horregatik diot, tradizioa zer den...
Edozer da balekoa orduan.
Dantza bakoitzak du bere izaera eta dantzariek hori irudikatzen dute, beste kontu bat da dantzaria neska ala mutila den. Bestela esanda, eskopetaria neska ala mutila izan berdin zaizu, tiroa ondo botatzen baldin badu. Beste kontu bat da esatea nola antimilitaristak garen eskopetaren ordez larrosa eramango dugu, edo Donostiako danborradan batukadarekin aterako gara. Horretarako beste festa bat antolatu, zeren danborrada edo alardea ez da hori.
Txapelketetan banatuta aritzen dira neskak eta mutilak.
Mutilak aurresku txapelketan lehiatzen dira eta neskak soinu zahar txapelketan. Gerta daiteke egunen batean txapelketa bakarra egitea, alegia, aurresku eta soinu zaharren txapelketa. Dantza solte txapelketetan bikote mistoez gain, bi mutilen eta bi nesken bikoteak onartzen dira.