argia.eus
INPRIMATU
Garagardoa latan? Bai zera!
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2010ko apirilaren 22a
Richmond, Virginia (AEB), 1935eko urtarrilaren 24a. Lehenengoz garagardo latak, Krueger’s Finest Beer markakoak, salgai jarri zituzten. Baina ez zirudien produktu berritzaileak arrakasta handirik izango zuenik.

1909an garagardo fabrika bateko arduradunek American Can konpainiara jo zuten garagardoa latetan gorde eta saldu ote zitekeen jakiteko. Fabrikatzaileek ez zuten, ordea, lata egokirik egitea lortu. 1931n beste saiakera bat egitea erabaki zuen American Canek. Garaiko latek jasan zezaketen presioa ez zen nahikoa garagardoari eusteko eta latorria junturatik lehertuko zen. Bi urteko ikerketa lanen ondoren, garagardoaren eta latorriaren arteko erreakzioa saihesten zuen barne-geruza asmatu eta garagardoarentzat egokia zen ontzia lortu zuten. Baina garagardo fabrikatzaileek ez zuten halako berrikuntza erradikalean sinistu eta American Cani ederki kosta zitzaion asmakizuna saltzea.

New Jerseyko Newark hirian bazen garagardo fabrika txiki bat, Gottfried Krueger-ena. Gottfried bera 1926an hil zen eta AEBetan alkohola hamahiru urtez debekatuta egon ondoren, familia-negozioa porrotetik gertu zen. Debekua altxatzean, gainera, langileek greba luzea hasi zuten.

Horrenbestez, Kruegertarrek ez zuten ezer galtzeko. Gainera, American Canek ekipamendua doan instalatzea eskaini zien eta enpresa txikiak ez zituen latak ere ordaindu beharko esperimentuak arrakastarik ez bazuen. 1933an 2.000 lata egin zituzten, proba moduan, eta edaleen %91k produktua gustuko izan zuten.

Duela 75 urte, ordea, garagardo latak merkatura iritsi zirenean, erosleek berrikuntzaren truke ordaintzeko erabakia hartu behar zuten. Baita egin ere. Urtea amaitu baino lehen, 1935eko abenduan, AEBetako 37 fabrika garagardo lataratua ekoizten ari ziren.

Baina ez zirudien estatubatuarren moda iragankorra baino izango ez zen lata hura ozeanoaz bestaldean zabalduko zenik. Urtebete lehenago, 1934an, Sanders Watney garagardo ekoizle britainiarrak zera esan zuen World Press Review aldizkariko artikulu batean: “Herrialde honetan ez dut uste garagardo laten eskaerarik izango denik. Pentsaezina da latek pintak, pinta erdiak edo botilak ordezkatzea. Lataratzeko ohitura hazten ari da, baina ez dut uste edarietara hedatuko denik”. 1954an 1,5 milioi garagardo lata saldu ziren Erresuma Batuan, 1957an 70 milioi, 1970ean 490 milioi, 1985ean 1.900 milioi....