Espainiako Kritika Saria eta Larrearen simulakroa

  • Duela urtebete, Beñat Sarasolak, Ion Olanok, Aritz Galarragak eta Gorka Bereziartuak Iñaki Larrea literatur pertsonaia gorpuztu zuten komunikabideetan, aldez aurretik prestatutako ekintza baten bidez. Euskal literaturaren sistemaren bizioetako bat salatu nahi zuten: literaturak berak, batzuetan, garrantzi gutxiegi duela.
Inaki Larrea
Argazki hau argitaratu zuten zenbait egunkarik iaz. Iñaki Larrea omen zen, poesia alorreko Kritika Sariaren irabazlea. Iruzurra zen dena, sarien mekanismoaren aurkako salaketa.Argia
Joan den otsailean, Frantziako kultur giroetan ziklikoki sortu ohi den zalaparta mediatikoa piztu zen Bernard-Henri Levy kazetari eta filosofo ezagunaren hanka sartze bat zela medio. De la guerre en philosophie liburuan, BHL-k beste gurutzada bat abiatu zuen pentsalari ezkertiarren kontra, eta otsaileko aldizkari eta berripaper guztietako kultur orrialdeetan liburuaren promozioa zen protagonista nagusia. Editorearen iritziz, “garai ilun hauetarako eskuliburua” zen lana, egile eztabaidatu eta mediatiko honen pentsamenduaren “oinarrizko erreferentzia”. Erreferentzia orotarikoa, bide batez esanda, Marx edo Hegel ez ezik, Kant filosofo handia ere egurtzen baitzuen Levyk.

Hain zuzen ere 122. orrialdean, Jean-Baptiste Botul delako filosofoaren aipu bat egiten zuen BHL-k, hark frogatu omen baitzuen, “behin betiko”, Kant “abstrakzio hutsa zela, itxurazko espiritu bat”. Botulen La vie sexuelle d’Emmanuel Kant izeneko liburua (Mille et une nuits, Frantzia) ere iruzkindu zuen Levyk, nahiz eta liburu hori, eta Botul bera, Frédéric Pagès Canard Enchainé aldizkari satiriko ezaguneko kazetariak asmatutako fikzio literarioak diren, “abstrakzio” eta “itxurazko espirituak” beraz. Esan daiteke, beraz, Botul Frantziako filosofiaren historian sartu dela Levyri esker. BHL-k berehala onartu zuen irristada intelektuala, eta publikoki zoriondu zuen Pagès, “amarru bikaina” eraiki zuela aitortuz, baina ez zion bere teoria berriari indar nimiñoa ere kendu nahi izan: “Zorionak [Pagèsi] asmatutako Kant horrengatik, nahiz eta benetakoa baino benetakoagoa izan”.

Aldeak alde, antzeko zerbait gertatu zen gurean duela urtebete. Orduan, hainbat komunikabidek argitaratu zuten Espainiako literatura kritikarien elkarteak urtero ematen duen Kritika Saria, poesia arloan, Iñaki Larrearentzat zela, Arratseko meditazioak liburuagatik, nahiz eta epaimahaiak, egiazki, Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak lana saritu zuen. Epaimahakideetako batek, Jon Kortazar literatura katedradunak, Larreari berari idatzi zion, nahasketagatik barkamena eskatuz.

Nor zen Larrea? Inor ez. Nork sortu zuen? Aritz Galarragak, Beñat Sarasolak, Ion Olanok eta Gorka Bereziartuak. Zergatik eta nola eragin zuten azkenean oharkabe samarrean pasa zen nahasketa? Orain argitzea erabaki dute. “Ekintzaren atzealdean hausnarketa teoriko sakona egon zen”, diote. “Oinarrian, simulakroaren ideia euskal literaturari aplikatzeko saiakera izan zen, intuizio nahiko sinple eta orokortu batetik abiatuta: iruditzen zitzaigun euskal literaturaren baitan, gizarte garaikideko beste hainbatetan bezala, errepresentazioa geroz eta indar handiagoa hartzen ari zela, eta literatur lanek bainoago, komunikabideetako elkarrizketek, sariek eta enparauek osatzen zutela benetan euskal literatura”. Alegia, euskal literatura, neurri batean, simulakro bat zela. Edo simulakroaren arabera funtzionatzen duela, batzuetan bederen. Aspaldian, antzeko zerbait salatu zuen Matias Mujikak.

Goazen hasierara, bi urte atzerago. Literatura sarien inguruan eztabaida piztu da euskal literaturan. Utikan manifestua sinatu dute berrogei bat idazlek: ez dituztela Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak banatzen dituen Euskadi Sarien oinarriak onartzen, eta ez dutela literatura sariketa horretan parte hartuko. Sarasola, Galarraga, Olano eta Bereziartua literatura kritikaren eta teoriaren inguruan ari ziren hainbat komunikabidetan, eta iritzia eman nahi zutela erabaki zuten. Ez zuten, ordea, idatzirik edo deklaraziorik egin nahi, eta pertsonaia sortu zuten, salatzeko hemengo literaturarena ez ezik beste askoren gaitza dela itxurakeria hori.

Diotenez, operatiboa ez zen oso konplikatua izan. Webgune bat ireki zuten hasieran, inakilarrea.wordpress.com, eta gero hainbat poema itzuli eta bertan eskegi zituzten. Hau, esaterako:

“Zure zama gozoki nire gainean
malda, malkar, aldapa bakoitza betez
nire gorputzaren paisaiako
lotura, tontor eta hegi bakoitzera egokituz
sorbaldak beste erdiaren bila,
buruak elkarri bultzaka,
eskuak bazter leun hedatuetan gurutzatuz
loturez osatutako irudia,
gure neurriez haratago luzaturik
zirkulu bat osatuz:
zein bikainki biltzen diren hurbiltasun hauek
zein ongi eta gozoki egokitzen diren
pisu hauek, nire gainean daramadan argitasun hau”.

 Argazki batzuk lortu, eta pertsonaia sortuta zegoen: Iñaki Larrea zuen grazia, zornotzarra zen jaiotzez, 1977koa, eta Helsinkin (Finlandia) bizi zen aspaldian. Han argitaratu omen zuen liburua, eta sarean salgai jarri zuen gero.

Anboto agerkarian elkarrizketa egin zioten Larreari, posta elektronikoaren bidez noski, argazkia eta guzti. Ustezkoak Lizardi, JosAnton Artze, Felipe Juaristi eta Pello Otxoteko aipatzen zituen, eta poesia “pentsamendu logikoaren etsaia” dela defenditzen zuen, “urrinago ailegatzen laguntzen dauen pentsamendua”. Beste komunikabide batzuetan, Berrian esaterako, poema liburua kalean zela argitaratu zuten, labur batean.

Baina ekintza nagusia Kritika Sarien bezperan egitekoa zuten lau kritikariek. Ohar bidez, euskarazko liburuentzako saria Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eleberriak eta Larrearen poema liburuak jaso zutela zabaldu zuten. Amua irentsi eta Euskadi Irratian eta Noticias taldeko komunikabideetan horrela argitaratu zuten berria. Bertan esaten zenez, epaimahaiak Larrearen poesiaren “neurria eta sakontasuna” lehenetsi zuen, “munduaren ezagutza poetikoa eta hausnarketa pausaturako gonbitea” omen zelako. “Idazkera zehatz eta zainduaz, liburuak, estimatzen den edozein artelanek bezala, sosegu eta isiltasun tartea zabaltzen du; gaurko gizakia bizi den zurrunbiloaren erdian, hausnarketa lasairako une bat dago tarte horretan”.

“Nobela bat idaztea izan zen” diote, orain. “Egiantzekotasunez pertsonaia osatzea zen kontua, liburuari birtualki existitzeko behar zituen elementuak emanez. Hots, abangoardien asmoetako bat gauzatzea nahi genuen: sorkuntzak errealitatean zuzenki eragitea”. Eta gogoeta eragitea. “Azken finean” diote, “ekintza ez genuen hainbeste guk gauzatu, komunikabideek, Kritika Sariak, eta oro har euskal literatur sistemak gauzatu zuen. Guk makinaria eraiki genuen eta libre utzi; hortik aurrerakoa besteen kontua izan zen”.

Ekintza, baina, erdibidean geratu zen, oharkabean pasa zelako askorentzat. Ez zuen inola ere Utikan manifestuaren inguruan zegoen eztabaida berpiztea lortu, ia ez zuen maila pribatuaren marra igaro. Ez zuen eraginkor gertatzeko eduki behar zuen segida, eztabaida, ondoriorik izan. Beharbada, lau lagunen artean ere iritzi ezberdinak daudelako sarien garrantziari dagokionez, eta didaktismotik ihes egin nahi izan zutelako. “Ez genuen sermoirik eman nahi, besteak beste ez dakigulako kontuak soluziorik duen. Ekintza beretik ere ez dago mezu zehatz eta programatikorik ateratzerik. Ez dugu sarien aferaren inguruan inolako soluzio miragarririk”.

Sistemari berari utzi zioten berea egiten. Sistemak erakutsi zuen, kasu batzuetan, biziatuta dagoela, baina, bestetan, iragazkiak uste baino hobeak direla, hainbat komunikabidek ez zutelako oharra argitaratu. Bereziartua, Olano, Galarraga eta Sarasola sinetsita daude sarien inguruan gogoeta egin eta eragin egin behar dela, sariketak kanona osatzeko lanabes oinarrizkoak direlako, eta gertatu zen guztia –komunikabideen erantzuna, sarien antolamenduari begira bizi direnen jarrera eta erreakzioa…– intuizioa berresteko baliogarria izan omen zen.

“Euskal literaturan, literaturak berak garrantzi gehiegi ez duela uste genuen; pisu gehiago zutela beste zenbait kontu periferikok, eta Larrearenarekin garbi geratu zen liburua, hainbatentzat, gutxienekoa dela. Eta hau guztia salatzeko moduak kontua are nabarmenago egin zuela uste dugu, guk ezer esan gabe, hau da, azalpenik eman gabe, dena agerian utzi baitzuen”.

“Hainbat erreakzio ezatsegin” jasan zituzten, baina haiek defenditzen dute ez zela jolas edo probokazio merkea izan, serioski eta denboraz planifikatutako zerbait baizik. Nazioartean hainbatek bultzatutako ikuskizunaren gizarteko lanabes boteretsuen aurkako ekintza, alegia. “Joey Skaags eta The Yes Men-en prozedurak hor daude, eta filosofia postestrukturalista ere apiatu daiteke seguruenik: Foucault, Deleuze, Derrida… Simulakro kontzeptuaren bidez boterearen zirrikituetan sartzen dira, barrutik bere kontra egiteko. Baudrillarden aipu bat da honakoa: ‘Hiperrealitateak eta simulazioak boterearen kontra bihurtzen du hark abilki urte luzetan erabilitako disuasioa’. Boterearen kontrako mendekua da, berak erabiltzen dituen bitartekariak erabiliz gainera; mendeku txiki bat”.

Beharbada, hemendik urte batzuetara, inork Larrea izeneko poeta zornotzarra sartuko du Bizkaiko euskal idazleen antologia batean, behin, hainbat komunikabidetan, Kritika Saria izeneko sari bat eman ziotela argitaratu zelako. Inork ez baitzuen gero ukatu, inork ez zuen azalpenik eman; inork ez zuen atzera egin, nahiz eta inork ez zuen liburu hura idatzi. Soilik ohar bat, promozio huts sotila, soilik hori nahikoa izan zen idazle saridun bat sortzeko.

ASTEKARIA
2010ko apirilaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude