argia.eus
INPRIMATU
Sorginak baziren
Xipri Arbelbide 2010ko apirilaren 13a
Baionako Antzokian izan bertso saio ederrarekin bururatu zen sorgin-auzien mendeurrena iragan neguan. Antolatzaileen asmoa zen gezurrez zikindu lapurtar emazteen omena zuritzea. 500 bat erre zituztela entzuten da. Ez dakit norbait ohartzen den zenbat egur beharko zen 500 jenderen erretzeko: Senpereko oihan guztiak ez ziren aski izanen horretarako. Uste dut Pierre de Lancrek berak hemezortzi hil aipatzen dituen eta nola, heriotza gehiago eta haren ospea handiago izanen baitzen garai haietan, iduritzen zait berak eman datua dela sinesgarriena. Hemezortzi zigor heriotza, ez da guti! Horietan baziren bi apez. Gehienak emazteak, egia da, baina mundu horretan emazteak dira nagusi. Hartu Horoscope aldizkaria eta ohartuko zarete, medium, voyante, sorcière luciferienne, theurgiste, eta bestetan 10/9 baino gehiago emazteak direla.

Baina ez litezke gure gaurko begiekin ikusi behar duela lau mendeko gertakariak. Garai hartako munduan, denek sinesten zuten sorginetan. Denek sinesten zuten Kanadan ontziak urperatzen bazituen ekaitzak, norbaitek hemen bota zorte gaixtoaren ondorioz zela. Haur ttipi bat hiltzen bazen supituki, norbaiten begi gaixtoa edo begizkoaren ondorioz zela.

Baionako kolegioan sei zuzendari hil ziren bat bestearen ondotik, Etxauz apezpikuak erran zuen: “Norbaitek zorte gaixtoa bota du ikastetxearen kontra”. Apezpikuaren sinestea horrelakoa badin bazen, nolaz ez jende xehearena?

Aspaldiko mendeetan sineste hori izan dute lur honetako jende guztiek. Eta gaur egun ere badira, hemen, Euskal Herrian, horretan daudenak. Nihaurk ezagutzen dut, haurra ohakoan eramaki zuen aita. Auzoak haurrari begiratu zion irri polit batekin: “Zer haur pollita!”. Aita loriatua! Haurra gau hartan hil zen supituki. Aitarentzat ez da dudarik: auzoak zion begi gaixtoa bota, bezperan.

Ikusteko molde hori ez da oraino desagertua, eta nehork uste baino hedatuagoa da gure mundu posmodernoan. Duela lau mende, erran daiteke jende guztiena zela.

Sinesten duzularik gaitz guztiak, zenbaitek egiten dituztela, nor diren bilatuko duzu eta ongi gaztigatuak izatea nahiko duzu. Hori izan zen de Lancreren lana. Politika gizonak baliatu zirela horretaz beste helburu batzuk gogoan, ez da dudarik. Baina de Lancrek ez zuen ezer egiten ahalko sineste hori izan ez balitz hemen.

Boli Kostan ikusi dut “de Lancre” bat lan bera egiten, herri guztiak beren zorte gaixtoetarik askatzen, zorte gaixto horiek nork bota zituen erraten. Denek sinesten zuten eta “hobendunek” aitortzen, batere torturarik gabe, hemen esplikatzea luzeegi litekeen arrazoiengatik.

Beraz bai, “sorginak” baziren Lapurdin bestetan bezala. Horrek ez du justifikatzen de Lancreren sadismoa.