argia.eus
INPRIMATU
Nazio subiranotasuna eta “blindajeak”
Juan Mari Arregi 2021eko ekainaren 30a
PSOE eta CIUk emendakina onartu zuten joan den astean, Espainiako Kongresuko Ekonomia Batzordean, burtsan kotizatzen duten zenbait enpresen blindajea ezabatu eta orain arte beraien zuzendaritzara iritsi ezin izan diren akzionista handiek kontrolatu ditzatela baimenduz. Dena den, “blindajearen kontrako” araudi honen aplikazioa urtebetez atzeratu da. Madrilen onartutako arau berriak bidea ireki diezaioke Iberdrola edo Petronor bezalako enpresa garrantzitsuen kontrol eta deslokalizazioari. Eta ondorioz, beraien egoitza soziala alda dezakete, sortzen dituzten sarrera fiskalen eta enpresa-osagarrietan sortzen duten enpleguaren galera ekarriz. Iberdrolak 500 milioi euro ingresatuko ditu aurten, eta Petronorrek 470 milioi euro, Bizkaiko Ogasunean. Balizko deslokalizazioak edo egoitza soziala aldatzeak, maila fiskalean, milioi euro horien galera suposatuko du foru diru-kutxentzat. Eta horrez gain milaka enplegu zuzen edo osagarri galduko dira.

Beste behin ere, hemen jokoan dagoena da Euskal Herriaren nazio subiranotasun falta, eta ondorioz, baita ekonomikoa ere. Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrak dira gure gizartearen gai ekonomikoak, enpresa mundukoak, sozialak, lan arloak eta fiskalitateari buruzkoak erabaki behar lituzketenak. Gaur, aldiz, Espainiako edo Frantziako parlamentuek erabakitzen dituzte, azken beltzean, euskal gizartearen arau eta lege guztiak. Eta beraz, gure ekonomiaren eta lan harremanen inguruan ere erabakitzen dute. Eta Espainiako edo Frantziako parlamentuen gehiengoaren interesak ez dira Euskal Herriaren eta bere gizon-emakumeen gehiengoaren igualak. Egoera honek hausnartzera eraman behar gintuzke agente politiko, sozial, sindikal eta enpresarialak, Euskal Herria subirano eta solidario baten alde lan egiteko.