"Hil aitzin argitaratu nahi nituen gertatu zaizkigunak"

  • Iraun narrazio liburuak ageri duen poema baten izena, “Beldurra”. Alabaina, izugarriago da ondotik datorrena: “Beldurraren poema hau idatzi eta gertatu zen, gertatu behar zena. 1979ko urtarrilaren 13an, larunbata goizarekin, senarra tirokatu zuten. Nire maitea ez zen hil, baina handizki kolpatua izan da”.
Marikita Tambourin
Marikita TambourinZaldi Ero

Iraun liburuaren kontrazalean irakurria: “Soka luze batek lotzen ditu liburu honetako idazkiak, hitz bakar batek laburtzen dituenak: Iraun! Bizirik iraun, euskaldun iraun, gure hizkuntza iraunaraziz. Irauteko borroka baten lekukoak dira…”. Horiek editoreak hautatu dizkigun hitzak liburuaren aurkezteko. Zergatik iraun, zergatik ez bihotza betean bizi?


Euskaldunok jasaten dugun egoeratik dator iraun hitz hori. Behartuak gara iraunez bizitzera. Iraun behar dugu, gure mintzaira iraunaraziz, iraun behar dugu euskaldun bezala, eta batzuetan bizirik iraun behar da egoera biziki gogortzen denean, garai batzuetan gertatu zen bezala, Iparraldean ere! Bizirik zaude, irauten ari zara. Bistan da, ez da arras bizi zoriontsua, ez du horren itxura ematen. Liburua ere nahiko gogorra den egoera baten ispilu da.

Aski da bizirik irautea?


Hilez gero ez du deus egiten ahal, deus ez!

“1979ko urtarrilaren 13an, larunbata goizarekin, senarra tirokatu zuten. Nire maitea ez zen hil, baina handizki kolpatua izan da. (…) Geroztik gauaz ezin dut lorik egin, ez dut gehiago esperantzarik. Ez dugu gerorik, gurea egina da”.


Hori egiazki gertatu den zerbait da. Ni mugaz bestaldeko iheslari batekin ezkondua naiz, eta aipatu duzun data horretan tirokatu zuten Donibane-Lohizunen. Atentatua gertatu zen eguna kontatzen dut liburuaren erdian, pasarte batean.


Egunkari baten eitea du liburuak, testuak hainbat urtez tartekaturik ageri badira ere. Atentatuaren aipua, hura gertatu urte berekoa dugu, 1979koa.


Bai. Eleberri bat idatzi nahi nuen gertakari hori abiapuntu harturik. Behin eta berriz saiatzen nintzen. Beti esaldi horrekin hasten nintzen: “Maitea, tiroz hil naute!”, berak hori erran baitzidan, hila balitz bezala mementu horretan. Liburu oso bat idatzi nahi nuen horretaz, baina sekula ez naiz heldu. Testu hori baizik ez da gelditu, egun horren kontakizuna dena eta bere ondorioak. Nahiko gogorra izan da horren idaztea, nahiko gogorra ordenagailuan pasatzea, nahiko gogorra berriz irakurtzea… Gertakari izigarri samina da niretzat.

“Nahiago nuke ez baldin bazen sekulan izan 1979ko urtarrilaren 13rik, larunbat hotz eta euritsurik”.


Ez dut ahazten ahal. Egun hori ez dut sekulan ahantziko, zeren eta nire bizi guzia aldatu zen goiz horretan. Egia da: urtarrila zen, neguan ginen, negu mina, hotz egiten zuen eta euria jauts ahala ari zuen… Donibane-Lohizunetik Baionako ospitalera joan nintzenean –nire autoan, bakarrik–, oroitzen naiz euri horretaz, euria ari zuela eta ari zuela.

1979ko urtarrilak 13 hori iragana da, ala urtero da berritzen?


Orain badira hogeita hamaika urte gertatu zela. Urtero, eta hilabete guzietako 13an oroitzen naiz egun hartaz.


Arantza duzu, kendu ezina?


Hori bera, izigarri min ematen duen arantza. Bihotz barnean sartua den zerbait da, ahantzi ezina dena.


“Urtarrilaren 13 madarikatu hartan utzi genuen etxera ez ginen sartu ahal izan uztaila arte. Bigarren haurra ekainean sortu zitzaigun. Hogeita hamahiru urteko ama gaztea nintzen. Gure apartamendura itzuli ginen bi semeekin, zaharrenak lau urte zituen eta txikiena bularrean zen. Beren aita ezindua zen: epileptikoa, kasik itsua, ezkerreko eskua xehatua, gorputza tiroz zulatua. Eta gure bizia betirako aldatua izan zen. Baina gu ez omen gara biktimak!”.


Hori idatzi dut, zeren eta, ofizialki, ez frantses estatuak, ezta espainolak ere, ez baitute ene senarra ezagutu biktima bezala. Ez omen da frogatua biktima bat dela. Atentatuaren egileak ez dira inoiz jujatuak izan, ez da sekulan auzirik izan, ez Frantzian, ez Espainian. “Gu ez omen gara biktimak”. Horrek areagotzen du sentitzen ahal dugun mina, zeren eta ezagutua ez den biktima bati –jakina da, psikologoek aztertzen duten gauza da hori– oraindik zailagoa zaio jasatea gertatu zitzaiona. Niretzat hori biziki zaila da. Testu horretan azpimarratu nahi izan dut gure bizia betirako aldatua izan zela, bai senarrarena, bai nirea, bai haurrena ere… denek atentatuaren ondorioak jasan ditugula, baina ez gara ezagutuak biktima bezala.

Zer izan duzu testuok idaztea, terapia manera bat, menturaz?


Orain biktimei eskaintzen zaizkie terapiak, psikologoak eta abar, baina guk ez dugu holakorik izan. Bistan dena, idaztea izan da terapia bat. Gertakariak nolabait agertu behar dira, atera. Bestenaz, zure barnean gordetzeak… Hiltzen ahal zara deus erran gabe sekulan nehori, baina oraindik kaltegarriago dela diote psikologoek. Idazten duen norbaitek agertzen ditu sentimenduak, hain xuxen nolabaiteko terapiaren egiteko. Idazle guztiek egiten dutena da, uste dut.

Zergatik argitaratu?


Gure herritarrek ez dakite besteei zer gertatu zaien, edo zer gertatzen zaien, eta batzuek behintzat izan behar dute kuraia holako gauza batzuen agertzeko. Nahiz eta oso berandu den, guretzat berantegi izan aitzin, ni hil aitzin, nahi nituen horiek argitaratu.


Eleberria egin nahi zenuen. Alabaina, testu laburretan antolaturik eman duzu liburua.


Gai horretaz luzaz idaztea ezinezkoa zait; psikologikoki, erran nezake. Idatzi ditut beste narrazio batzuk, liburu hau baino luzeagoak, amodio istorioak, ezberdinak, nolabait ihes egiteko egoerari… Orain, garaia jin da, baina testu laburrak baizik ez ditut ateratzen ahal gai horri buruz. Ezin nuen besterik egin… Oso gogorra da horretaz idaztea; hitz egitea ere. Ezin dut gehiegi hitz egin horretaz.

“Biziaren alde” testuan diozu: “Euskaraz izkiriatu nahi nuke bizia goraipatzeko, nahiz eta hitzak frantsesez heldu zaizkidan gogora. Zein ederki eta errazki egin nezakeen erdaraz! Baina euskaltzalea naizen geroz, nire mintzairan saiatu beharko”.


Txikitan, bost urtetan eskolara joan arte euskara baizik ez nekien. Gero, frantsesez baizik ez ginen eskolatuak izan eta, ondorioz, frantsesez pentsatzen genuen, frantsesez genekien idazten eta ni frantsesez idazten hasi naiz. Hortakotz, liburu honetan ageri den lehenbiziko testua, aspaldi idatzi dudana –1966koa da–, frantsesez agertzen da. Aitzinetik ere, jada, olerkiak frantsesez idatziak nituen eta luzaz frantsesez idazten segitu dut. Euskara irakasten hasi nintzenean, 70ean, pentsatu nuen saiatu beharko nintzela euskaraz idazten. Baina ez zitzaidan hain erraza egiten. Orain bai, ohitura hartu dut, baina berriz frantsesez idazteko joera heldu zait. Bietan idazten dut eta, nolabait, Iraun liburuan agertu nahi izan dut zein bikoiztasunetan bizi garen Iparraldean.

Ahalegina egin behar da euskaldun bizitzeko Euskal Herrian…


Nahiko zaila da. Iparraldean, hasteko, gutxiengoa gara euskara dakigunok. Laurdena inguru, ontsa dakigunok, mintzo garenok. Laurden hori itota dago beste populazio guziaren artean. Eta gero eta zailago da guretzat euskaldun bezala bizitzea. Herri bakoitzean badituzu jendeak euskaraz dakitenak, edo euskaraz bizi nahi dutenak. Baina gero eta ingurumen gutxiago du euskaraz mintzo den jendeak besteekin harremanak izateko gure hizkuntzan.

Nafarroa Beherean ere hori da egoera?


Oraindik euskaldun itxura duen eskualdea da Baxenafarroa, baina edozein tokitara joan eta kasik ezinezkoa da euskaraz hitz egitea. Bakarrik elkar ezagutzen duen jendeak hitz egiten du euskaraz. Norbaiti mintzo zara euskaraz, eta frantsesez erantzungo dizu, ez bazaitu ezagutzen. Harrigarri da hori! Oso zaila da jasateko.

Euskara irakasle izan zara urte askoan. Zer dakar ondoko belaunaldiak?


70ean hasi nintzen euskara irakasten Seaskan. Jatorriz Iparraldekoa den lehen andereñoa izan nintzen. Donibane-Lohizuneko ikastolan nintzen andereño. Egiazki zerbait egin nahi nuen euskararentzat. Nahiz eta ez genekien zertara helduko ginen eta zer ondorio izango zuen horrek. Sinesten genuen, denek, euskararen erakustea –batez ere zabaltzen baldin bazen herri guzietarat–, euskararen onerako izango zela. Ondorio onak eman ditu, baina orain badakigu ez dela nahikoa haurrei euskara erakustea, erabili behar dela, eta hor dela arazoa: gero eta gutiago dira haurrak euskaraz hitz egiten dutenak. ikasten dute baina ez dute aukera handirik hitz egiteko, salbu eta elkarren artean direnean, eskolan, familian eta abar.


Hegoaldeko ikastola eta herri ikastetxe askotan, euskaraz eskolatuagatik ere gaztelaniaz mintzo dira ikasleak. Nola da hori hemen?


Iparraldean arazo bera dugu, frantsesarekin.
Nortasun agiria
Marikita Tambourin (Baigorri, 1946). Irakasle izana da 1970ean hasi eta 2007an erretiroa hartu arte. Donibane-Lohizuneko eta Baigorriko ikastoletan eta Donibane-Garazin –hezkuntza nazionalean– jardun zuen lanean. Irakasle ez ezik, idazle da. Beti idatzi izan du, eta Maiatz aldizkarian agertu zituen lehenbiziko poemak 1982an, Mari Ameztoi ezizenez, ahalkez. Literatur lanak ditu Kania, Abu ala Ali, Singapurreko gutunak eta iazko abenduko Iraun, Michel Irigoyenen irudiek laguntzen dutena. Etnologia ikasketak eginik, hainbat azterlan burutu ditu, eta besteak beste, Euskal deituren kronikak liburua. Kolaborazio franko eginak ditu euskal irratietan eta Herria aldizkarian.
Maiatzeko arratsaldea I
Iraun-etik: “Maiatz hondarreko arratsalde eguzkitsu bat da, deia bero egiten du. Emazte gaztea Hondartza Handia ferekatzen duen itsaso urdinari begira dago. Hitz egiten ari da, nahiz eta bakarrik den. Ez baita aski aberatsa telefonoa izateko etxean, Miarritzeko kabina batetik egiten ditu deiak senar kolpatuaren berriak emateko. Luzaz egoten da adiskideekin kalakan. Behingoan, lasai sentitzen da, eguzki epelaren eragina, behar bada?”.
Maiatzeko arratsaldea II
Iraun-etik: “[Emazte gazteak] eskailerak igotzean zangoak gero eta ahulago ditu. Ohean etzan denean, negarrez hipaka hasi da. Ama logelan agertu da: ‘Zer gertatzen zaun neska?’. ‘Hiru gizonek bahitu nahi izan naute Miarritzen!’”… Emazte gaztea Maia da, Tambourinen aurreko hiru liburuetan mintzo den emaztea.
AZKEN HITZA: Iraun
“Iduri du gozo dela deus ez egitea eta gorena dela erretiroa. Ohean egon alferkerian, egunkariak eta liburuak irakurri, tea hartu (bixkotxekin!), telebista ikusi, hitz batzuk idatzi karnetean, argazkiak sailkatu ordenagailuan, luzaz apaindu ateratzeko, hitzaldi edo inaugurazio batera joan, baita jatetxera edo zinemara, nahikerian egon kafe bateko terrazan turisten joan-jinari begira, lagunekin topo egin, irratia entzun gauaz, baratzeko liliak loratzen eta zimeltzen ikusi, urtxintxa bat behatu hurritz handian, sagarrondo zozoak eta etxe barneko muskerrak ehizatu. Zuhurtziaren eta onarpenaren aroan sartua ote naiz? Pentsamendurik gabe bizi, gehiegikeriarik gabe, arrakastarik gabe (beste sexuaren baitan!) heriotza arte. Bizi ordez, iraun, zer da: zoriona ala lazdura?”.

(Iraun liburuaren azken testua, frantsesez jatorriz)

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude