argia.eus
INPRIMATU
Kondoien Plaza
Edu Zelaieta Anta 2010ko apirilaren 13a
Hala bataiatu dio Gasteizko vox populiak Aldundiaren Jauregiaren atzealdean egindako plazatxoari: Kondoien plaza. Izan ere, plaza horretan jarri dituzten argietako bonbilak forma luze eta zurikoak dira; nonbait, kondoien gisakoak herri iruditeriarentzat.

Halarik ere, plazarekiko oso bestelako asmoa zuen Arabako Foru Aldundiak: Araban frankismoak errepresaliatutako pertsonen oroimena berreskuratzea. Horretarako, monolito batean txertatutako In memoriam epigrafearen azpian, errepresaliatu arabarren izen-deiturak ageri dira banan-banan pantailatxo batean. Hortaz, oroimen kolektiboa jaso nahi izateko egitasmoa aitortu behar zaio gure erakundeari.

Ez dakit zuei, baina niri atentzioa ematen dit lan publikoetan kargudun nagusiaren izen-deiturak harrian lantzeko tradizioari oraindik eusteak. Zergatik eta zertarako egiten ote da? Zer nabarmendu nahi da horrela? Egin kontu, irakurle.

Plazaren izenarekin gertatu legez, ordea, gerta liteke herri oroimenak bestelako bide batzuk hartzea. Adibidez, Diputazioan lehen ustelkeriaren susmoak zabaldu zirela, Xabier Agirre jauna Diputatu Nagusi zelarik; Kondoien Plaza egin baino hilabete batzuk lehenago.