Hedabideen argi-itzalak

Nik ez diet hedabideei entretenimendua eskatzen, horretarako baditut-eta aukera hobeak inguruan. Baina Informazioaren Gizartean bizi gara, eta axola zait inguru hurbilean, urrutixeago eta oso urrun nola bizi garen jakitea; beraz, hedabideen kontsumitzaile iraunkorra naiz. Hala ere, aitor dut damuz gero eta atxikimendu urriagoa dudala batzuekiko; edo zehatzago esanda, gero eta kritikoago eta selektiboago ari naizela bihurtzen, buru-osasunaren izenean!

Nahiz eta goizean Herri Irratiko tertulia ere entzun, Euskadi Irratia da gurean erreferentea, eta saio onak eta profesional bikainak badituela aitortuta, itzaltzeko arrazoiak ere ematen dizkit. Badakit nekez lortuko duela, euskara hutsezko ia bakarra izanik, denon gustua egitea, eta ez dut espero nire nahiak bete-betean asetzea. Zoritxarrez, batere ez zait interesatzen kirola entzunkizun gisa, eta gehiengoaren kontra banoa ere, kirolaren presentzia neurrigabea eta jasangaitza gertatzen zait askotan. Off!

Programa batzuen errepikapena gogaikarri samarra da, eta albisteen errepikapena sufrikario dezentea! Eguerdiko albistegi nagusia entzun, eta ondorengo orduetan albiste horietako asko berdin-berdin entzun behar berriro. Off!

Atsegin ditut tertuliak, baina solaskideengandik zerbait ikasteko dagoenean. Albisteen azterketa edo analisia interesatzen zait, batez ere; beraz, gogoz entzuten ditut beren gaian (hezkuntzan, ekonomian, nazioarteko albisteetan, zuzenbidean...) adituak direnak, eta horrelakoen ekarpenak zaizkit benetan gustagarri. Aurrekontu-arazoak edo ez dakit zer-nolako planteamenduak medio, honetan atzera egin delakoan nago. Aldizka pentsatu izan dut merke-zurrean erositako generoa sartzen digutela euskaradunoi.

Adin-kontua izango da agian, baina ez nau oso betetzen irratigintzan zabaldu den estiloak: dena arin eta labur egin beharra, erritmo bizkorra, burrundara, zizka-mizka, flasha... umore behartua, txantxa-giroa eta alaitasun artifizial samarra, uztail-abuztuan areagotzen den gaitza! Horrek ere bultzatu ohi nau itzali eta musika entzutera.

ETB1. EITBk baditu nazioarteko kronikari onak, eta lehen saiatzen nintzen iluntzeko albistegia gutxienez ikusten. Baina gure Herriaren egoera politikoak ematen du bestela ere atsekabea eta bihotz-mina, gainera alferrikako beroaldiak pasa behar izateko telebistaren aurrean; beraz, azken hilabeteotan BBC World-en albistegia irensten dut. Emaztea pozik. Igandeetan Teknopolis zaintzen dugu. Ez dut esan nahi beste ezer ez dagoenik ganorazkorik, baina astirik ez. Eta film-zaleak gara, baina zineman, pantaila handian.

Euskarazko prentsa idatziaz ditudan beharrak asetzen dituzte ogiarekin batera etxean sartzen den Berriak, eta Argia astekari honek. Bestalde, aspalditik dut gogoko Le Monde Diplomatique: Enpresa horren hilabetekaria, atlasak (Atlas Geopolítico 2010...) edo Ignacio Ramoneten liburuak material oso baliotsuak iruditzen zaizkit munduaren nondik norakoa ezagutzeko. Esan gabe doa gaur egun Internetek informazio ugari jartzen duela eskura Ezkioko tontor honetan ere, eta beste batzuen artean (Gara…), bada webgune bat egunero bisitatzen dudana: www.rebelión.org. Luxuzko kolaboratzaileak ditu (Noam Chomsky eta beste asko) eta normalean hedabide handietan ez bezalako azterketak eta ikuspegiak eskaintzen ditu, ez gehiegi baina baita Euskal Herriaz ere. Hor bertan jakingarria zait Pascual Serranoren lana, Espainiako hedabide handien amarrukeriak salatzen dituena, eta irakurri beharrekoa bere Desinformación. Cómo los medios ocultan el mundo liburua.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude