argia.eus
INPRIMATU
Futbol
Joxemari Ostolaza 2010ko apirilaren 13a
Lehiaketa. Torneo Lopez Ufarte Bidasoaldean. Kadeteak, hamalau urte inguruko mutil oso kozkorrak. Parte-hartzaileen artean Kamerungo selekzioa, larunbatean ikusi nituenak jokoan. Urruñako eta Hendaiako Aberri Egunak erditik, astelehenean ikusi nituen berriro finalean, iaz bezala garaile irten zirenak. Biharamunean jakin dut Mallorkatik zetozela beste lehiaketa bat jokatuta. Eta omen, handik bat gutxiagoz etorriak ziren, sobra ere jokalari bat desagertua. Ez dut inon ere berria entzun ez eta irakurri. Eta nobela bateko gaia bailitzan, Irundik ere, garailetako batek alde egin omen duen kontua entzun dut, hara eta hona galdezka joan eta baieztatu ezin izan dudana. Inork ez dit ezezkorik esan, baina auskalotze plantekin erantzun didate denek. Ikusi ditudan partidatan, futboletik ezin ogibidea atera eta hala ere pagotxaren baten ondotik itzuli-mitzulika dabilen hainbat espekulatzailegai topatu dut harmailetan, gustuko jokalarien zenbakia ahotan kaieratzeko prest. Eta nik neure motzean ezin sinetsi nerabe bi horiek, hemengo laguntzarik gabe euren kasa taldetik alde egiteko erabakia hartu dutenik. Futbolari izateko gauza badira, ezagutuko ditugu. Bestela nekez, mahats biltzailetzan harmailarik ez dago.