Euskal Herri berriaren taupadak

  • Beltza eta gorria; hotsak eta soinuak; beatboxa eta gaitak; ballenatoa, raia, flamenkoa; eztandak eta taupadak. Horiexek dira, besteak beste, Bunpada Sound taldeak Euskal Herri berria iragartzeko darabiltzan euskarriak eta osagaiak, musikak eta koloreak. Anitzak Hitzak du izena taldearen estreinako CDak. Bertan, hamaika musikarik marraztuta aurkituko dugu gure herriaren gaurko aurpegi berri eta koloretsua.
Anitzak Hitzak
Anitzak HitzakIñigo Azkona
Gaurko Barakaldo ez da garai batekoa. Metrotik irten eta minutu gutxiko ibilbidea nahikoa da aldaketak ikusteko. Labe garaietako aztarna gutxi aurkituko dugu. Geltokitik hamabost minutura dago San Bizenteko Kultur Etxea. Hala Dzipo taldeak betiko doinuak lantzen dihardu bertan. Pareko gelan, egiten du lan Bunpada Sound taldeak, ohiko soinu horiei kanpotik etorritako musikak nahastuz. Egungo Euskal Herria ezagutzera eman nahi duen proiektua da. Iaz kaleratu zuten lehenengo diskoa, Euskal Herria Anitzak kolektiboak lagunduta: Anitzak Hitzak. Rapak, reggaeak, euskal kanta zaharrak eta gure artean diren beste hainbat soinuk –ballenatoa, raia, flamenkoa– osatzen dute taldearen ardatz musikala. Diskoan makina bat istorio eta hizkuntza aurkituko dugu; ia-ia taldekideak beste: hogei bat dira egitasmoan parte hartu dutenak. Hitzetan antzematen da ugaritasun hori: “Barakaldotarra/ aitaren partez Galiziako familiarekin/ eta ama hizkuntza gaztelera dudala/ beti izan dut argi nire nortasuna...” diote, adibidez, Anitzak kantan.

Asko dira, egun, Euskal Herritik kanpo jaiotakoak. Mota askotakoak dira gaurko euskaldunak; ugariak hemen jasotako ekarpen kulturalak. Aldatu da Euskal Herriaren kontzeptua. Euskal Herria Anitzak kolektiboak hori guztia musikaren arloan islatu gura zuen eta egitasmoa hiru lagunen esku laga zuten. Endika “Lahaine” Abella da horietako bat: “Anitzak kolektiboko jendeak musikara eraman nahi zuen taldearen helburua, aniztasunaren berri ematea. Horrela elkartu ginen musikaren hainbat adarretan genbiltzan hiru lagun: David Nanclares, Asier Ercilla eta hirurok”. David Nanclares –programazioak, gitarrak eta ahotsa– eta Asier Ercilla –programazioak eta trikitria– folklorearen mundutik etorriak dira, Fran Lasuenekin, Kepa Junkerarekin eta Ibon Koteronekin lan egin ohi dute; Endika “Lahaine” berriz, 121 Krew eta Bertsound Rapa taldeetako kide da. Berak eginak dira arestian aipaturiko bertsoak. “Hemen bizi dugun errealitateaz hitz egin nahi genuen. Hori dela-eta, kanpotik etorritakoek eta inguruetako jendeak parte hartzea zen asmoa. Nork bere lanari eusten badio ere, urtebete dauka taldeak eta beste lan bat egiteko nahia badago”. Fran Lasuen eta Ibon Koteronekin batera Angolako Betto Snay rapealaria edo Brendan Oryan irlandarra, daude taldean, besteak beste. Dena den, Bunpada Soundek taldearen oso ikuspegi zabala dauka: “Diskoaren inguruan osatu zen, baina edonork parte har dezake. Ez genion inori gauza bat edo bestea egiteko deitu; ez da Bunpada Soundek daukan politika. Jendea oso era naturalean joan da elkartzen; azken batean, elkar ezagutzen dugu guztiok edo elkarrengandik gertu bizi gara” dio Endika Abellak.

Helburuak partekatzen dituzten lagunak direla esan liteke, Interneten daukaten gunean jarri dituzten hitzak irakurrita: “Proiektu berri honetan batu egin dira, harresiak etengabe eraikitzen eta suntsitzen diren garai hauetan, aniztasuna ardatz duten musika eta hitzak plazaratu nahi dituzten musikariak”. Are garbiago adierazten dute Comienzo abestian: “Bilbotik edo Barbesetik Ravaleko ramblara/ Quitotik zein Quebecetik Dakarreko kaleetara/ proiektuaren berri izan nahi duenari/ parte hartu nahi edo ekintzara pasa nahi duenari/ aniztasunak egin dezakeen on guztia adierazteko bozgorailua gara”.

Musikaria ez ezik, Asier Ercilla arratiarra, soinu teknikaria ere bada. Berak zuzendu zituen grabazio lanak. Endika Abella gustura dago Ercillaren ekarpenarekin: “Disko naturala, freskoa izatea nahi genuen. Garrantzitsua izan zen oso Asierren lana: jendea ezer prestatu gabe agertzea nahi zuen. Ez genien esan gauzak zelan egin, natural sortzea nahi genuen. Oinarri musikalak prestatu genituen, rapean egiten den bezala; eta, behin estudioan egonda, eraikitzeari ekiten zion jendeak. Geu hasten ginen, testuarekin, musikarekin. Aurrerago, grabazioan parte hartu behar zutenei erakusten genien egindakoa, eta bakoitzak sentitzen zuena ekar zezan uzten genuen. Ohiko elementuak sartu zituzten batzuek: hemengo kantak, Kolonbiako sehaska kantak... eta Betto Snayk euskarazko testu bat sartu zuen. Estudioan jolastu nahi genuen, inolako planik segitu gabe. 121 Krewn, nire beste taldean, horrela egin ohi dugu. Freskotasunaren bermea da. Disko hau egitea gure bizipenak handitzeko eta aberasteko aukera paregabea izan da”.

Inguruan den guztia dute gai Bunpada Sounden testuek: “Euskal Herriko egoeraz hitz egin nahi dugun heinean, nahi dugu etorritakoek ere non dauden jakin dezaten. Maiz, askok ez dute oso garbi non dauden. Ez dakite hau Euskal Herria, Espainia ala beste zerbait den. Hau Euskal Herria dela garbi gera dadin balio du gure lanak”, dio Abellak.

Diskoa egiteko ideiaz gain, Euskal Herria Anitzak kolektiboak beharrezko baliabideak ere jarri zituen: “Taldearen sentsibilitateekin bat egiten dugu. Dena dela, kolektibotik harago, bizitza propioa dauka Bunpada Soundek. Hau da, elkarri ematen diogu laguntza. Kolektiboak hainbat ekimen antolatzen ditu, kolektiboa bera ezagutarazteko edo beraien egitasmoak jendearen artean zabaltzeko. Eta inoiz Bunpada Sounden ikuskizuna izan da ekimen horien amaieran”.

Korrikarako izan ziren Bunpada Sounden lehen hiru jaialdiak. Agerraldi bereziak izanik, ahalik eta partaide eta kolaboratzaile gehien elkartzea nahi zuten. Ez da, baina, ohikoa: “Normalean, ikuskizunean David, Asier eta hirurok egoten gara. Gurekin batera egoten dira Rufoh, beatboxa egiten, eta breakdancer bi, Txino eta Malaka. Irudiak ere erabiltzen ditugu, bideoak eta abar. Inoiz, Zumaian jo genuenean legez, tokian tokiko kolaborazioak izan ditugu, hango bertsolariren bat zegoelako. Zerotik hasi ginen eta, poliki-poliki, ezagunak izaten hasiak gara”.

Erritmoz eta mugimenduz beteriko ikuskizuna eskaintzen du taldeak. Eta egiten duten musikaren ezaugarriei erreparatuta, izan zuten buruhausterik taldeari izena jartzerakoan: “Gauza horiek guztiak –musikak, hizkuntzak, jendeak– batuta zelan definitu ez genekien; zaila zen taldearen asmoa izen batean islatzea. Bunpada bururatu zitzaigun. Eztanda bati dagokion irudia, soinu eztanda; izen bizia, kementsua, nahi dugun freskotasuna islatuz”.

Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude