Usurbil

Usurbilgo zarama bilketa, ze eredu sendoa!, kantatu beharko dugu hemendik aurrera. Aspaldiko partez Gipuzkoan etxeko hondakinen inguruko eztabaidak, kudeaketa, plangintza eta mobilizazioak herrialde honen politikaren erdigunean egon dira.

Nola ez, jakina, Foru Aldundiak Zubietan errauskailu bat ezartzeko hartu duen erabakia ez zaio gipuzkoar askori gustatu. Hamabost urte inguru dira Diputazioak etxeko zaborrak erretzeko –edo balioztatzeko esan beharko nuke?– Zergarbi proiektua bertan behera utzi zuela, eztabaida, mobilizazio eta polemika luzearen ondorioz. Garai hartan, hondakinen “balorapen energetikoa” garestiegi ateratzen zela argudiatu zuen.

Auzi sozio-ekologikoetan maiz gertatzen den moduan, urte batzuk pasa eta gero, erretiratutako proiektua berriz ere mahai gaineratu egin zuten eta errauskailuaren mamua agertu zen herriz herri: Lasarte-Orian, Zestoan, Urnietan... ibili zen Zubietan kokatu arte.

Horregatik Usurbilen gertatutakoa eredugarria da oso. Txikiegia, esango digute zarama erretzearen aldekoek, baina ereduek, txikiak direnek ere, jarraitzeko eta ugaltzeko bideak erakusten dituzte. Ez dezagun ahaztu Usurbilen asmo eta iritzi ekologistek herri kontsulta galtzeko arrisku handia zutela, eta ez da ahaztu behar atez atekoaren aurkariek botoen %43a lortu zutela. Hots, patata beroa dugu etxeko hondakinen politika Gipuzkoan eta ausardiaz eta trebeziaz aritu dira Usurbilgo Udal Gobernua zein Dudipe elkartea. Eredua erein dute eta laster fruituak ikusiko ditugu. Ez da erraza proiektu eta politika neoliberalen aurka aritzea, ez hemen ez inon. Zirrikitu gutxi uzten ditu sistema kapitalistak bide alternatiboak urratu ahal izateko, baina Usurbilgo herri kontsultak demokrazia parte-hartzailea berpiztu du. Demokrazia bera. Eta gogorarazi digu ez dagoela bide laburrik gure inguruan ezartzen diren proiektu txikitzaileak geldiarazteko. Hau da, herritarren ahotsen indarra da azpiegitura erraldoien aurka eraiki daitekeen horma bakarra. Iparraldean ere erakutsi digute nola borrokatu daitekeen AHTren bide berrien aurka: aliantza, herri kontsulta eta mobilizazio zabalak eginez. Usurbilgo adibide ederra euskal politikaren arlo guztietara eramaten jakin beharko genuke, politika eraikitzaile eta alternatiboei txanda emateko.

ASTEKARIA
2010ko apirilaren 04a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude