Txina kolonialista: potentzia bilakatu auzokoen lepotik

  • Pekingo gobernuak lau haizetara aldarrikatzen ditu inguruko herrialdeekin hitzarturik dauzkan mugarik gabeko merkataritza itunen onurak. Walden Bello-k, aldiz, argudiatzen du Txinak estrategia kolonialista tipikoa burutzen duela, metropoliaren mesederako.

2010ko apirilaren 04an

Asia osoko altermundialisten artean Walden Bello izan daiteke intelektual errespetatuenetakoa. Filipinarra, Manilan 1945an sortua, soziologiako irakaslea da hango unibertsitatean, munduko beste hiri askotan ere irakatsia da eta Focus on the Global South webgune erreferentziazkoa gidatzen du. 14 liburu dauzka argitaratuta, tartean Dragons in Distress (Dragoi atsekabetuak) 1992ko klasikoa, ordurako famatzen zen Asiako mirari ekonomikoa biluzten zuena.

XX. mende amaieratik mundu osoa astindu duen globalizazioak Asia urrunean dauzkan eraginen ezagutzaile onenetarikoa da Walden Bello. Idatzi dituenetan azkenean Txina Asiako beste herrialdeen artean jokatzen duen papera aztertu du: China’s neo-colonialism (Txinaren neokolonialismoa) darama izenburu New Internationalist gune aurrerazalean publikatu duen artikuluak, eta gaztelaniaz Sin Permiso-koek China ata a sus vecinos bataiatu dute.

Mendebalde aberatsean asko aipatu dira Txinarekiko harremanen ezaugarriak eta kontraesanak, txinatarrek industrian hartu diguten nagusitasuna, gure zor publikoetan daukaten eragina, eta abar luzea. Walden Belloren artikulu hau ez da ari gutaz, Txinak Asiako bere eskualdean ezarri duen dinamikaz baizik. Eta honetan Belloren iritzia zalantzarik gabekoa da: Txina potentzia neokolonialista legez ari da jokatzen Asian.

Joan den urtarrilaren lehenean sartu zen indarrean Txinak eta Asiako Hego-Ekialdeko Nazioen Elkarteak –ASEAN ingelesezko sigletan– osatutako mugarik gabeko merkataritza gunea, CAFTA ere deitua: China-ASEAN Free Trade Area. Txina, Brunei, Indonesia, Malasia, Filipinak, Tailandia eta Singapur dira oraingo partaideak, 1.700 milioi jende, 5,9 bilioi dolarreko barne produktu gordina, 1,3 bilioi dolarreko salerosketak. 2015ean Vietnam, Laos, Kanbodia eta Myanmar sartuko dira elkarren arteko negozioetan zergak desegin dituen klub zabal horretan.

Belloren ustean, itun berriaren ondorioak laster hasi dira mamitzen. “Propaganda fabrikek, Pekingoek batik bat, aldarrikatu izan dute mugarik gabeko merkataritza denentzako izango zela mesedegarri, Txinarentzako bezala ASEANekoentzako (...) Baina badirudi ASEANeko agintariak hasi direla jabetzen kalteez: mugarik gabeko truke eremu honetan abantaila gehienak Txinarentzako direla”.

Egia dirudi Asiako Hego-Ekialdeak 2003tik aurrera –1997-1998ko finantza krisiak sortutako geldotzea gainditu ostean– ezagutu duen beroaldi ekonomikoan Txinak egin dituela lokomotore lanak. Nazio Batuen Erakundeak egiaztatu du gehiago zela Txinak auzokoetatik inportatzen zuena haiei esportatzen ziena baino. Baina orain, mundu mailako krisiaren erdian, auzotar guztiok kezkaturik galdetzen dute ea senide nagusiak lagunduko dien ekaitza zeharkatzen. Eta ez da gauza segurua.

Zapatak bezala berakatzak

Mendebaldeko beharginak kezkaturik baldin badaude enpleguak Asiara deslokalizatzen dizkietelako, Walden Bellok dio Txinak gauza bera egiten diela auzo herrietako langileei.

Gainera, eskulana merkeago edukitzeaz gain Txinak bere dirua baliogabetu egin zuen 1994an eta geroztik ASEANeko beste herrialdeetan kanpotikoko inbertsioak urrituz joan omen dira urtero. Europa, Japonia edo AEBetako inbertsiogileek Txina erakargarriagotzat zeukaten beren diruentzako ASEANekoak baino.

Harrigarria suertatzen da Bellok Txinatiko kontrabando masiboaz dioena. Hemen pentsatu dezakegunaren kontra, Vietnameko oskigileak hondoratu egin dituzte txinatarrek kontrabandoarekin: Vietnamen saltzen diren zapaten %70-80 kontrabandokoa omen da.

Txinatiko kontrabandoak asko kaltetu omen du Filipinetako industria ere, ez oskigintza bakarrik: altzairua, papera, porlana, plastikoak, zeramika... “Filipinetako usina asko mundu mailan lehiakorrak zirenak ixtera behartu dituzte edo produkzioa eta lanpostuak murriztera, kontrabandoagatik”. Beldur dira CAFTA itunak inportazio txinatar ilegalok legeztatuko ote dituen, egoera larriagotuz.

Nekazaritzan gauzak are okerrago omen daude. Filipinen kasuan, Txinarekiko 370 milioi dolarreko defizita dauka. Walden Bellok kontatu du Benguet eskualdea bisitatu berri duela, fruitu eta barazkietan fama duen lurraldean, eta hango laborariak etsita aurkitu ditu, Txinatik datorkien uholdeak suntsituko dituelako. Manilak eta Pekinek 2002an sinatu zuten mugarik gabeko salerosketetarako ituna, baina ondorioak orain hasi dira nabarmentzen.

Filipinetako nekazariek jakin dute zer gertatu zaien Tailandiakoei. CAFTAren babesean Txinak eta Tailandiak mugako zergak kendu zizkieten uzta goiztiarreko 200 fruitu eta barazkiri. Teorian bien mesederako zen, herrialde bakoitzeko laborantzaren espezializazioei dagokienez. Baina Tailandiak erauzi zizkien arren zergak Txinako baratxuri eta tipulei, Txinako funtzionarioek oztopoa oztopoaren gainean jartzen zieten Tailandiatiko inportazioei. Herrialde honetako baserri askok porrot egin zuen itun berriarekin, eta Belloren iritzian –ondo ezagutzen du Tailandia, bertan dauka egoitza Focus on the Global Southek– haserre horrek ere izan zuen zerikusirik 2006an Thaksin Shinawatra lehen ministroa kargutik kendu zuen kolpe militarrarekin.

Txinak merkatuen irekidura aldarrikatzen du, baina gero bere komenientzian kudeatzen du. Irekidura esportatzeko; ez hainbeste inportatzeko. Aldiz, ASEANeko herrialdeetan orain hasi dira ohartzen ez direla hain lehiakorrak txinatarren ondoan.

Eskulana modu intentsiboan behar duten produktuetan Txina da txapeldun, ez dago eskulan merkeagorik eskain dezakeenik. Teknologia handikoetan ere –high tech– aurreko muturrean dabiltza. Nekazaritzan ere hiperlehiakorrak dira txinatarrak, Tailandia eta Vietnami geratuko litzaieke arroza, Vietnam eta Indonesiari kafea, Filipinei kokoa.

Lehengaiak geratzen zaizkie auzoko bizilagunei. Eta honetan, dio Walden Bellok, “Txinak darabil antzinako lan bereizketa koloniala. balio erantsi gutxi daramaten lehengaiak eta baserriko produktuak jasotzen ditu, eta Asiako Hego Mendebaldeko ekonomiei saltzen dizkie balio erantsi handiko ekoizpenak”.

Eginkizunen eta etekinen banaketa horretan, nabarmena da Txina aterako dela irabazle eta industria bezala nekazaritza ahulduko zaizkien ASEANeko herrialdeak galtzaile. Kolonialismo tipikoa.

Argazki oina: Txinako Jinjian hiriko Wonderful Shoes oinetako lantegia erakusten du argazkiak. Ezaguna da Europan, AEBetan eta oro har Mendebalde aberatsean kontsumitzen diren produktu askoren ekoizpena Txinako lantegietara deslokalizatu dela hamarkadotan, baina antza denez txinatarrekin ez dute lortzen lehiatzea bere inguruko herrialde txiroagoek ere. Bestalde, Txinatik kontrabandoan inportatutako produktuen prezioei aurre egin ezinak kiebrara eraman ditu Tailandia edo Filipinetako enpresa asko. Produktu manufakturatuen kontrabandoa eta mugarik gabeko merkataritza erabiltzean Txina errepikatzen ari da Ingalaterrako erresumak XIX. mendean erabilitako kolonialismoa.

Lotura interesgarriak:

- Walden Bello China’s Neo-colonialism New Internationalist gunean.
- Gaztelaniazko bertsioa Sin Permiso gunean.
- Focus on the Global South gunea
- Walden Bello ingelesezko Wikipedian
- Xinhua agentzian Txina eta ASEANen arteko harremanen apologia
- ASEAN erakundearen gunea

ASTEKARIA
2010ko apirilaren 04a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude