Mezua eta konpromezua

Zertan ari gara ezin badugu mezua konpromezuarekin lotzerik lortu? Zertarako da mezua, zer balio du gugan inolako eraginik ez duen mezuak? Itxura egiteko baino ez den mezuak?

Mezu hau irakurri berri dut Goierriko Gaztetxe baten aurrean (gazteek beraiek jarria noski!): “Gaztetxera etorri nahi bazu, ez puskau erretrobisorerik eta zaindu ingurunea!”. Txalogarria mezua, benetan! Baita hau idatzi dutenek hartu eta hedatu nahi duten konpromezua ere.

Zer gertatzen ari zaigu hau egunerokoan hausten ari bagara/badira? Posible al da orain arte helburu polit eta giro jatorrekoak direnak, gogaikarri bilakatzea? Batzuen egitekoa da ala denok behar dugu honetan ardura hartu? Denok parte hartu behar dugu prozesu honetan, baina eskolan eta etxean soilik? edo baita kalean eta leku guztietan ere? Nola liteke kalea bete jende helduz, eguerdian edo arratsaldean bildua, eta dendariek antolatutako ekintza publikoan eta plaza nahiz inguruko ibilbideak plastikoz, azalez eta zaborrez beteta uztea?

Zertan ari gara arrazakeriaz larriturik eskoletan eta hezkuntzan saiatzen, gure inguru hurbilean asteburuetan ikus badaiteke, euskaldun koadrila gaztea, tartean sudamerikar bat eta, koadrilakoek otartekoak eskatzera sudamerikarra bidali eta hark irtetean, denak ospa egin xentimorik ordaindu gabe? Nori leporatzen diogu errua? Nor ari da arrazakeria erabiltzen bere delituak estaltzeko, gure seme-alabak ez badira? Zein da erabilia? Eta mezua?

Aldiz, adibide soil bat asteburu berean, Cauterets eski estazioan, aita-semeak sartu tabernan, semeak 14 urte, eta aitak bi garagardo eskatu eta zerbitzariak berehala: “Ez, gazte honek ez ditu 18 urte eta ezin diot edari hori zerbitzatu” eta aitak “ez, ez, orain dator ama eta beretzako da”. Hau bai jarrera eredugarria eta karteletako mezuarekin bat datorrena, helburua ez baita edozeinen kontura dirua irabaztea. Gure aitonak zioen moduan: “Nolanahi ondo dauna, edozein moduz gaizki dau!”.

Lanbidez ezagutzen ditut hainbat gazte eredugarri behar den lekuan dagokien mailan ibiltzen dakitenak eta gainera, gizarteari eta herriari, antolakuntzan nahiz ideietan eta sormenean, ekarpen bikainak eta oparoak egiten dizkiotenak. Baina gurasoen ardura da beren seme-alaben jarraipena egitea eta nerabezaroan edo gaztetxoak direnean oraindik gehiago. Momentu horretan jakin/asmatu behar da mugak jartzen eta baiezkoa edo ezezkoa esaten/adosten/ikusten/onartzen. Askotan ez baitakite mugak adosten eta hortik sortzen da inseguritatea eta nortasunik eza.

Dena den, gurasoak diodanean ez naiz ari, gure seme-alabez soilik, ez. Gureak eta besteenak ere badira gure ardura. Gizartean ardurak hartzen ikasi eta irakatsi beharra daukagu eta, etorkizuna gazteak badira (hainbeste aldiz hain erraz aldarrikatzen duguna), noiznahi eta nonahi gaizki dagoena zuzendu edo zuzenarazi behar diegu. Guk dugu gureen eta gure lagunen oinordekoen ardura eta haiek gureena, gu ez gaudenean. Hala izan da orain baino lehenago ere gure herrietan; norbaitek ikusten bagintuen okerren bat egiten, ez zigun isilik utziko eta laster jakingo zuten gure etxeetan, ongi egindakoa jakingo zuten bezalaxe. Hori da heziketan ardurak konpartitzea.

Interesgarria litzateke eztabaidatzea –arlo guztietan– nolako giroa nahi dugun gure herrietan, harreman goxo, aske eta gustagarriak ala  “toque de queda” moduko bat jarri AEBetako hainbat herritan bezala? Agian has gaitezke, duela hogeita hamar urte inguru Beasainen bezala, gauetan gurasoen bi auto patruilatzen, eskopetak kargaturik, delinkuentziaren aurkako neurri gisara?

Zer, orduan, gazteei aukerak jarri behar dizkiegu beren kontraesanak dagozkien garaian bizi ditzaten, beren artean eztabaidatuta, landuta, borroka eginda... eraikitako gaztetxeetan ala guk moldatutako gazteguneak sortu behar ditugu eta beren iniziatiba moztu, gaztetxeak ordezkatuz nahiz itxiaz? Zein da biderik seguruena –ez erosoena eta motzena– gazte arduratsuak sortzen laguntzeko?

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude