argia.eus
INPRIMATU
Joseba Etxeberria
"Tranpatxoak bakoitzaren abilidadearen parte dira"
Sustrai Colina 2010ko martxoaren 30
Iñigo Azkona
Futbolariak 67 urterekin erretiratzen ez direlako.

Hemen, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko haustura eragin zuena!


Askoz helduago egin ninduen bakoitzak berea defendatu zuen zurrunbilo hark. Eskerrak denborak urak baretzen dituen. Azken hamabost urteak hiru izan direla iruditzen zait, denborak arrazoia eman didan seinale.

Oilarra beti oilar...


Zelaian jokalari ona zarela eta irabaztera zatozela baizik ez dizute igarri behar. Adina, nekea, presioa... prentsaurrekoetako kontuak dira, ez zelaikoak.

Zergatik daude tranpatxoak gaizki ikusita?


Irabazteko bada, zure taldea izan ezik beste guztiak engainatzen saiatu zaitezke. Gaizki-ikusiak izan arren, tranpatxoak bakoitzaren abilidadearen parte dira.


Komunikabideekin erabiltzen duzuen hizkuntza, tranpatxoa ez, iruzurra da!


Hurrengo partida dela garrantzitsuena bezain argi dago arrastotik irtetea garesti ordaintzen dela. Askorentzat ez gara futbolariak soilik, erreferentziatzat gauzkate, eta lasai bizi nahi baduzu hobe arrastoan segi.

Normala gero gizarteak futbolaz baizik hitz egin ezin duzuela pentsatzea!


Are gehiago, lagun batzuekin bazkaltzen edo garagardo bat hartzen ari naizenean jendea zer taldetakoak diren asmatu nahian ibiltzen da. Baina bai, futboletik kanpo ere badago bizitza.

Hedabideei begiratu ezkero, ez dakit ba.


Aspaldi ikasi nuen. Partida ona jokatu dudanean kioskoa hustu egiten dut, eta txarra jokatu ezkero ez naiz arrimatu ere egiten. Hori bai, bakoitzak daki ondoen zer egin duen.

Esadazu zuk ere muntaia hau guztia zirkotzat daukazula.


Zirkoa? Futbolik ez dagoen hilabetean jende bat urduri egoten da zer ikusi eta zer egin jakin gabe. Futbola kirol bat baino askoz gehiago da. Pentsa, Athletic sentimendua dela esaten da…


Jakina, eta zu sentimenduaren alde debalde jokatzen hasi zara…


Athleticek bizitza aldatu dit, eta talde handien eskaintzei ezetz esan arren, zorretan sentitzen nintzen. Beste inon ez nukeen halakorik egingo, baina Athleticek hori eta gehiago merezi du!

Bai, bai, kontratua berritu nahian dabiltzan taldekideak ere asko akordatzen dira zurekin.


Pausoa eman aurretik taldekide guztien oniritzia neukan. Eurak bezain ondo dakit kontratu guztiak azken eurora arte borrokatu beharra zer den, eta eurekin nago. Baina ziur zaude nire egoerara iristen den beste jokalari batek ez duela gauza bera egingo?

Presidentearekin ondo, taldekideekin ondo... Zuk Athleticen entrenatzaile izan nahi duzu!


Ez litzateke albiste txarra, ezta? Hori bai, jokalari izanak plus bat ematen duen arren, puntako jokalari batzuk oso entrenatzaile txarrak dira, beraz...