argia.eus
INPRIMATU
Eskuturrekoa
Ana Urkiza 2010ko martxoaren 31
Power balance pultseraren aurrekaria izan zitekeena orain dela urte mordoxka ezagutu nuen. Zilar koloreko eskuturrekoa zen, eskutur osoa harrapatzen ez zuena eta pultseraren mutur bakoitzean bolatxo bana zuelarik. Batzuek, aipatu bolatxoak eskuturraren gainaldean jartzen zituzten eta besteek, azpialdean. Batera edo bestera izan, gaixotasun jakin batzuen edo besteren kontrako tramankulua omen zen. Hain da denbora asko, ezen ez naizela gogoratzen era batera edo bestera erabilita zertarako zen.

Osaba Ramoni ikusi nion lehen aldiz. Osaba Ramon Kanariar irla inguruetatik ibiltzen zen marinela izaki, ohitura zuen inguru haietako merkatuetatik berrikuntzak ekartzekoa. Berak ekarrita izan nuen nire lehenengo idazmakina, adibidez.

Bada, behin, pultsera bitxi horiekin etorri zen. Eta familiarako hainbeste ekarri zituen. Baita nahi zuten lagun guztientzako ere. Etxean, amonak eta gainontzeko osaba-izeba guztiek hartu zioten bana: erreumarentzako, giltzurrunentzako, buruko minarentzako... nire aitak izan ezik. Nire aitak, pultsera hatz artean hartuta, barre egin zion. Tramankulutxo hark zer egitea espero ote zuen galdetuz. Zazpi itsasoetan ibilitako osabak, anaia-arrebetan zaharrena bera, baietz, kanpoko jendeak fede handia zuela tresnatxo harengan eta jartzeko gonbita egin zion. Ez zela ezer kostatzen eta anaia-arreba guztiek jarri zutela komentatuz. Nire aitak, ordea, ez zuen jarri, sineskeriatzat jota.

Osaba Ramonek lasterrera hartu zuen erretreta, adinak halaxe eskatuta. Eta lehorrean ezin geldirik egon. Iloba bati arrandegian lan askorekin zebilela entzutea nahikoa izan zuen, handik aurrera, ilobari laguntzen hasteko. Ondarroako bentan arraina erosten lagundu, Debara joan, kaxak hustu, arrandegia prestatu eta garbiketetan jardun. Batzuetan, eguerdi aldera mokadua jan eta Debatik Ondarroara oinez bueltatu ere bai. Eskuan zeraman burdinazko xafla baino gogorragoa zirudien osaba Ramonek.

Behin edo behin kexatu zen gerri inguruan halako ziztadatxo bat edo beste sumatzeaz. Eta bi gauza aldatu zituen. Pultsera eskuturrean gorantz begira zuena beherantz begira jarri, eta lanerako faja lodia jantzi. Gerriko harekin, lehen baino lana azkarrago eta seguruago egiten zuela esaten zuen.

Osabaren hitzetan, zirkulazioa hobetzeko zerabilen berak eskuturrekoa. Eta giltzurrunak garbitzeko. Sistema hori guztia ondo izanez gero, “arazoak erdibitu egiten baitira”.

Egun batean, ordea, arrandegian kaxak leku batetik bestera aldatzen zebilela, konortea galdu zuen. Anbulantzian, medikuarengana zeramaten bitartean, gerrikoa laxatu zioten. Osaba Ramonek ez omen zuen hitzik egin. Baina bai eskuturrekoari heldu. Aorta pitzatuta zuen, itxuraz, eta lanean, moztu egin bide zitzaion. Ez zen ospitalera heldu.

Pultsera soinean zuela lurperatu genuen eta Athletic zale amorratua zenez, lore zuri-gorri hutsak jaso zituen familiak. Filmetan, hilkutxak Amerikako Estatu Batuetako banderarekin estaltzen dituzten bezala, halaxe joan zen gure osaba Ramon ere, ohorez eta kolorez jantzita. Sinesmen gogorrekoa zelako. Bere sinesmenekiko koherentea izan zelako. Koherentzia hargatik maite izan genuelako eta errespetatzen genuelako. Ez zen kontua besteok sinesten genuen edo ez. Berak zer eta nola sinestu zuen baizik. Berak nola biziarazi zigun baino. Eta bide batez esanda: eskuturrekoa, gutxienekoa.