Irakurtzea plazera bada, eta sexua ere bai, zergatik ez uztartu biak? Ba, euskal literatura gutxitan nahastu ei da erotismoarekin. Hori esaten da. Eta kontrakoa esateko dator Txalaparta argitaletxearen eskutik kaleratu den Desira plazer 68-08 bilduma. Izan dela, badela eta egongo dela euskal poesia erotikorik. Bertso-lerro beroenen antologia hau 1968an abiatzen da eta, orgia handi bat bailitzan, idazle ugari laztantzen ditu: Xabier Lete, Amaia Lasa, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Montoia, Iñigo Aranbarri, Oier Guillan, Castillo Suarez, Nagore Etxabe... Igor Estankonak, Edorta Jimenezek eta Josune Muñozek osatu dute antologia.