argia.eus
INPRIMATU
Blues-punk txatarrerotik inprobisaziora
  • On Benito ::(Bigarren lana)

    autoekoizpena

    iraupena ::34´36´´

    prezioa ::10€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Izen hain ona eta helburu hain okerrak dituen talde honen atzean Joseba Irazoki nekaezina eta Borrokan taldeko Mikel Lertxundi eta Ibai Gogortza daude. Honakoa proiektu honen bigarren lana da, eta aurrekoan blues-punk-rockabilly txatarreroa landu zuten arren, oraingoan askoz harago joan dira. Blues-punk txatarreroaren kiratsak eta Jon Spencerren senitartekotasunak beraien arropa eta instrumentuetan itsatsita jarraitzen badu ere, zortzi kantotan burmuinak eta arimak libre joaten utzi eta nahi izan duten guztia esperimentatu dute, perkusio eta erritmo errepikakorrekin, distortsioekin eta haizezko instrumentuekin. Horrez gain, baina, gai izan dira Sheelac, Man or Astroman, Hammerhead edo psikodeliaren oihartzunak ere bereganatzeko, besteak beste. Inprobisazioa eta ganberrismoa euskaraz, jakina!

www.myspace.com/onbenito
Ongi pasatzeaz gain, euskara lagun dugula blues musika pixka bat mareatu nahi dugu

Nondik etorri zen izenaren ideia?


Etxalarko zerri hiltzailea da nik ezagutu dudan lehenengo Benito jauna. Horrez gain, Mikel Lertxundi bateria eta biek bromatan ibiltzen ginen Benito Lertxundiren inguruan eta horrela sortu zen izena.

Hainbeste proiektutan murgilduta zaudenean, ezinbestekoa da ganberroarena egitea?


Nire kasuan hala da, adinaren krisi ttikia pasata ganberroarena egiteko gogoa sartu eta primeran pasatzeko proiektua sortzea pentsatu genuen. Entzuleari hori transmititzen saiatzen gara eta oraingoz harrera hagitz ona da. Ongi pasatzeaz gain, musikalki zerbait berezia egin nahi dugu; euskara lagun dugula, blues musika pixka bat mareatu.

On Benito musika estiloz guztiz irekia da?


Ez diogu gure buruari inongo mugarik jarri nahi, gehienez proiektuak blues ukitu bat edukitzea, baina bertzela edozein instrumentu erabili eta edozein erokeria egiten dugu.

Disko hau sorpresa kaxa da hasieratik bukaera arte. Bazegoen gidoirik?


Grabatzen hastean zortzi kanta-ideia genituen, baina konturatu ginen kantek norabide argirik ez zutela. Behin oinarriak grabatuta genituela, lokalera bueltatu ginen gauza desberdinak probatzeko asmoarekin. Hor hasi zen benetan forma hartzen diskoa, jolasean ibili ginen inongo presa eta gidoirik gabe gustuko emaitza lortu arte.

Zalantza bat: indioak Berako Aduanaraino heldu ziren?


Zuberoako indioak bai! Kantuz aditu eta diskoan parte hartzeko gonbitea egin genien!

Noiz jarriko da martxan Atom Rhumba? Eta zer puntutan geldituko dira zure beste proiektuak?


Atom Rhumbarekin apirilean hasiko gara kontzertuak ematen kanta berriak neurtzeko, udan diskoaren grabazioa eginen dugu. Nire proiektu pertsonalak segur aski azkenerako utziko ditut, baina aterako dut denbora aitzinera eramateko. n