argia.eus
INPRIMATU
Bi argitalpen, bi ikuspegi
Miel Anjel Elustondo 2010ko apirilaren 04a
Gerra garai hartan bazen aldizkari eta egunkari franko. Gaztelaniaz eta frantsesez idatziak ziren gehienak, baina baziren euskara hutsezkoak –Ipar Euskal Herriko Eskualduna, kasu–, eta elebidunak, nola izan zen Euzkadi egunkaria Hegoaldean.

Euskarazko Eskualdunari dagokionez, Louis Etcheverry zuriak –hots, giristinoak– sortu zuen 1887an, eta ez debaldetan: urtebete lehenago Martian Henri Berdoly gorriak –laiko eta errepublikaren aldekoak– abiatu zuen Le Reveil Basque aldizkariari aitzi egiteko asmotan zen Donazaharreko Etcheverry politikari eskuina Eskualduna bidez. 1891n Manex Hiriart-Urruty genuen Eskualdunako zuzendari, “fedearen eta libertatearen etsaiak gudukatzeko nahiarekin”, eta idazle nagusietarik. Baionako apezpikuen gidaritzapean egon zen aldizkaria, eta Iparraldeko euskaldunen bilgune ideologikoa izan zen, Javier Diaz Noci ikertzailearen arabera.

Hegoaldeko Euzkadi egunkariari denaz bezainbatean, Bilbon sortu zen 1913an, Euzko Alderdi Jeltzaleari estu loturik. Egunkari politikoa eta informaziozkoa zen, zati bat euskaraz eta bestea, handiagoa, gaztelaniaz zuena. Mundu Gerra sasoian Evaristo Bustinza Kirikiño zen euskarazko atalaren arduradun, eta haren eskukoak dira Euzkadik lehen orrialdean ekarri ohi zituen euskarazko artikulu-editorialak.