argia.eus
INPRIMATU
Javier Elzo
"Indibidualismo hedonistak bizi gaitu"
Aritz Galarraga 2010ko martxoaren 24a
Iñigo Azkona
Pedofiloa izan gabe, gaztetxoak ikertzen dituen gizon heldua.

Zer gertatzen zaigu gazteoi, hainbeste ikerketa merezi izateko?


Gaurko gazteek gauza asko dituzte, aukera asko, baina bakar-bakarrik daude. Psikologoak, pedagogoak, programazioak…. Baina falta zaie etxe bat, bizitza familiar eta soziala.

Larria al da, mediku jauna?


Tira, edozer gauza da larria orain, edozerk arduratzen gaitu. Momentu honetan zoriontasuna gauza gutxi egitean datza.

Gehiegi edaten omen dugu…


Gure garaian ere bai! Nire aitonarekin joaten nintzen ni ardoa edatera, hamar urterekin. Desberdintasuna: alkohola eguneroko bizimoduarekin zegoen lotuta.

Poteoaren eta botelloiaren artean, beraz, zalantzarik ez duzu.


Besterik ez dut ezagutu! Orain daukagu botelloia: hori da sistema nordiko bat, astean zehar ez da tantarik edaten eta gero gau batean dena.

Baloreak ere galdu omen ditugu...


Ez! Ezin dut jasan hori entzutea! Ez dira baloreak galdu, aldatu egin dira, eta ez bakarrik gazteen kasuan. Esfortzua, lana, sakrifizioa… Indibidualismo hedonistak bizi gaitu.

Inork ez zigun esan kristau izatea erraza zenik…


Kristautasunaren balore batzuk aldatu dira, justizia soziala, elkartasuna. Posible litzateke gaur, 2010ean, Mondragon berri bat ateratzea? Segur aski ez. Dirua bilakatu da gure Jaungoiko.

Ez al zuen politikak ordezkatu erlijioa?


Dezepzio bat dago egun politikarekin. Gazte gehienek paso egiten dute politikaz eta politika gehien interesatzen zaien gazteen perfila HBkoa da. Hori kezkagarria da niretzat.


Gazteok gora, gazteok behera ari naiz, baina aurten kenduko didate Gazte Txartela.


Lasai, Frantziako lege baten arabera, pertsona bat gaztea da 35 urtera arte. Gizartearen araberakoa da hori. Baina, noski, jendeak nahi du gaztea izan, beste ezeren gainetik.

Egidazu euskal gizartearen erretratu txiki bat, mesedez.


Apal ikusten dut, beti administrazioari begira. Gogoratu esaldi famatu hura: ez galdetu zer egin dezakeen herriak nigatik, baizik eta zer egin dezakedan nik herriarengatik.

A! Zuk esana da: “ETAk emakumezkoak bidaltzen dizkie bisitan gizonezko presoei, harreman sexualak eduki ditzaten”. Egia ote?


Hori ulertu bazen barkamena eskatzen dut. Bisitetatik, batzuetan, harremanak sortu dira. Baina horrek ez du esan nahi ETAk bidaltzen dituela emakumeak. Gainera, elkarrizketa hartan presoen egoera humanizatu beharra dagoela azpimarratu nuen.