argia.eus
INPRIMATU
Ukabilak estuturik
Castillo Suárez @casti_suarez 2010ko martxoaren 16a
Lenka Reinerová idazle txekiarra Frantziako Estatuko La Petite Roquete espetxean kartzelaratu zuten gerra hasieran.

Ziegako leihotik ezin zuen kalea ikusi. Halaber, eguneko paseoa ematera patiora atzeratzen zutenean oso altuak ziren ormak. Galdeketetarako justizia jauregira eramaten zutenean, ordea, “kilker-kaiola” batean garraiatzen zuten. Furgonetako gelaxkek hiru-lau zirrikitu zituzten aireztatzeko. Zeharka begiratuz gero, kalea ikus zitekeen handik. 1939a zen eta Paris jendez beteta zegoen. Reinerová poztu egiten zen furgonetara sartzen zuten bakoitzean, ez bakarrik kartzelako monotonia hausten zutelako, bidaia lasaigarriak zirelako ere bai: mundua ez zen egundaino erotu.

Galdeketetan ukabilak estutzen zituen maiz, inork ez ikusteko moduan, berokiaren sakelan sartuta edo mahai azpian estalita. Ez zen keinu iraultzailea, ordea. Ukabilak zenbat eta gehiago estutu, orduan eta nabariagoak ziren odolaren taupadak. Horrek lasaitu egiten zuen. Bizirik zegoen, bizi nahi zuen eta bizirik iraungo zuen.

Bitxia da. Bizitzari erreparatzen diogunean heriotza gertu dugulako izaten da maiz. Hurbileko norbait joan zaigunean, gehienetan. n