Sindikatu, patronal eta alderdi politikoek asko kritikatu dituzte Espainiako Gobernuak proposaturiko erreformak. Baina ez edukiagatik, horretan nahiko ados baitaude denak, iritzi publikora zabaldu direlako baizik, diskrezioz eta Toledoko Paktuaren arabera eraman beharrean –paktu horretan gobernuak, sindikatuak eta patronalak negoziatzen dute–.
Gobernua erretiro adina 67 urtera atzeratu nahian dabil, eta pixkanaka aplikatuko litzateke erabaki hori, 2013tik aurrera: urtero bi hilabete atzeratuko litzateke erretiro adina, 67 urtera iritsi arte. Egun, jubilazio adina 65 urtekoa da, nahiz eta 2008tik posible den, borondatez, lan garaia 70 urtera arte atzeratzea: egiten duenak, pentsioan %2ko igoera jasotzen du gehiago lan eginiko urte bakoitzeko. Pentsio bat jasotzeko 15 urtez kotizatu beharra dago, eta %100 kobratzeko, 35 urtez. Pentsioa kalkulatzeko erabiltzen den formulak kontuan hartzen du, baita ere, oinarrizko kotizazioa (azken 15 urteen oinarria). Espainiako Gobernuak epe hori handitu nahi du, eta beraz, azken hamabost urteak kontatu beharrean –normalean gehien kobratzen eta kotizatzen diren urteak dira–, lan bizitza osoko kotizazioa, edo azken 20-25 urteetakoa kontatuko lirateke. Bestalde, aurrejubilazioak 58 urtetik gerora egitea nahi dute. Orain arte 52 urtetik aurrera egiten dira.
Lan erreformarekin, Gobernuak nahi du kontratuak egonkorragoak izatea, egungo prekarietatearen ordez. Horretarako proposatuko luke kaleratzearen kostua merkatzea, lan egindako urteko 45 egunetik, 33 egunera. Era berean, lanaldi murrizketa ordainduak gehitu nahi ditu, denbora bat formazioari eskaintzeko.
Patronala, bere aldetik, zabor kontratu berrien bila dabil.