Zintzoa dirudi Juanek. Antzeman egiten zaio noiz ari den beretik, eta noiz bozeramaile lanetan. Apenas saiatzen den disimulatzen. AHT-ren aurkako borrokan ez ditugula ikusten bota diogunean, “ezin dugu denetan egon, eta gure gudak aukeratzera behartuta gaude“ eman digu arrapostu, buru-makurka ia. Kopenhagen iritsi ziren lekura iristeko esperantza urria zutela azaldu digu geroago, eta harrituta dabilela ordudanik. 23 urte daramatza Greenpeace-n, bederatzi zuzendaritzan, eta ekintza horregatik soilik hitz egin nahi omen dute denek berarekin. Halakoxea da mundua, halakoxeak gara kazetariak, eta ahaztu egiten zaigu falta dena falta den lekuan nabarmentzen dela gehien.