Hermana Ixabel

Gure izeba Isabelita moja zen, mojatxoa hobe, hain zen txikitxoa. Astigarragan urte asko eman zituen eta Hermana Ixabel deitzen zioten bertakoek. Marrazki biziduna ematen zuen, xalaua, atsegina eta maitagarria. Beti edonori laguntzeko prest, bereziki behartsuenei. Kristauen jatorrizko goiburua ondo bereganatua zuen: ez inori kalterik egin eta, ahal baduzu –beti ere kontuz– lagundu.

Moja sartu berritan, bere amona, gure birramona, Jenerosa, komentura joan zitzaion bisitan. Amonak biziki maite zuen Isabelita eta gaizki zeraman biloba ikusi gabeko denbora. Bere laurogeita piku urtetan Mirakontxa gaineko komenturaino iristea nahikoa kostatu zitzaion. Isabel gazteak kontatu zion:
–Amona, joandako igandean, Artzain Onaren elizara joan ginen mezetara moja guztiak.
Amona, ondoan bizi zenez, harrituta:
–Zergatik ez zinen ba amonari bisita egitera etorri?
–Mojen arautegiak ez digu uzten.
–Amonari bisita egiten ez dizutela uzten? Zein jainko arrotza asmatu duzuen mojek.
Izeba Isabelitari hainbatetan entzun nion anekdota hau kontatzen eta azpimarratzen teologia ikasketa askok baino gehiago argitu zutela hitzok.

*     *     *

Parisko 1968ko maiatzeko altxamenduaren koordenada kulturaletan bizi gara oraindik nire adineko asko. Mendeetan zehar landutako kulturaren oskola kraskatu beharra agerian geratu zen garaitsu horretan. Eta gure belaunaldiak mundu berria eraiki behar zela sinestu zuen: libertatea ikur.

Gaur egungo belaunaldi emerjenteek libertatearen eza ez dute horren era lazgarrian sentitu. Ziurtasun psikologikoarena bai ordea. Mundua zurrunbilo kaleidoskopikoaren antzera agertu zaie eta helduleku sendoen beharra sentitu dute. Nahiago dute inozokerian erori, baina taldean, bakarka eguneroko konplexutasunaren geziei erantzun behar izatea baino.

Alde horretatik, elizako hierarkian –beste alor askotan bezala, galdetu bestela politikariei– bezero kopuru handia izatea inportanteena dela uste dutenak instalatu dira. Marketinaren legeak ondo ezagutzen dituztenak. Produktua alor bereko besteengandik argi eta garbi berezi behar da, ezaugarri nabarmen zehatzak behar ditu, dudarik ez du sortu behar, hainbatetan adikzioa sortzen badu hobe, fans elkarteak sortzea ere lagungarria izaten da... Jainkoaren salmentaz ari gara noski.

Jose Antonio Pagolaren Jesus, hurbilketa historikoa ez dago ezer saltzeko eginda. Fededunei eta ez dutenei, egungo azterketa berrien eta burutsuenen ildotik, aukera borobila ematen die Jesus nor izan zen ezagutzeko. Hurbilketa horretan maiz eliza ofizialak mendeetan zehar egindako desitxuratze hainbat ere bistan geratzen dira. Jainko arrotz bat sortu dela maiz, alegia.

Pagolaren liburua berak eskuz sinatua daukat etxean. Ohore egin zidan: aurkezpen egunean txistu-danbolinez laguntzeko eskatu. Eta esker onez liburua erregalatu. Erregalia da, baina, irakurtzen duen ororentzat. “Fede heldu eta konprometitua” izateko bidea badela agerian uzten duelako. Inozokerietatik urruti.

*     *     *

Hermana Ixabel. Joandako abenduan hil zen, Euskal Herritik kanpo. Bezperan bisita egin nion. Eskutik heldurik elkarrekin abestu genituen bihotzez maite zituen abestiak: Xagu txiki (bera ere xagu txikia zela zioen), Neskazaharrak (bera ere neskazaharra zela zioen), eta Agur, Jesusen Ama (bera ez zen ama izan, baina askorentzat bihotzeko maistra bai). Ahots hari fin bat besterik ez zitzaion geratzen. Hurrengo goizean hil zen. Jesusen mezua hil arte mantendu zuen: ajeak, nekeak, gaixotasunak sufritu arren, bihotza ez zitzaion inoiz zimeldu. Ez zuen jainko arrotzentzako tarterik utzi.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude