argia.eus
INPRIMATU
Gero berokoak
Jakoba Errekondo 2010ko martxoaren 16a
Landareen klorofila egokitu eta berdetzen diren itsas bareen ildotik, behiak ez baina geu bai, geu adinarekin berdetzen garela gogorarazi dit lagun batek. Heldu beharko genukeenean, zahartu eta berdetu? Urdindu behar eta berdetu, gordindu? Ihartzen eta berdetzen, hezetzen? Lizunkeria berdeak utzitakoa, bai, lizunak berdetzen duela, dio berak... Zurbiltzen bai, nik. Zurbiltzen, gibelekoak aurpegia horitzen duenean bezala. Hori da, nik horitu esango nukeenean berak berdetu. Berdoztu esan beharko ote nuke? Masailak gorrien eta gogoa lizunen nituen garaietan Berdosta izena zuen etxe batean bizitua naiz. Zuldarra nagusi zen garai gogoangarrian...

Zuldarrak amaitzen direnean bizitza bukatzen dela uste duten horietakoa naiz ni. Gero berokoak, beroarenak kendu behar beti. Beti.

Heze, lizun, gordin, lerden, berde bizitzen den garaietako zuldarraren pikorta azalean azaleratuz azaltzen denean, nola-hala kendu arteko bakerik ez da izaten. Berdan-belarra ezagutu arte. Berdanak, zuldarra sendatzeko artea baitu. Berdan-belarra, berbena, Verbena officinalis, garbitzaile aparta da. Paderan berotu, oilo-arrautza zuringoarekin tortilla egin eta mantarrean bilduta, txaplata bero-beroa, azalean ipintzen da. Eta jartzen den tokian jartzen dela gorputz alde horri garbitu ederra emango dio, sakon asko.

Sinusitisa arintzeko, birika eta bronkioetako karkaxak libratu eta botatzeko, baita azalpea zoltzean tontortutako zuldar pikortak errotik kentzeko ere. Zoltzearentzat, ordea, hobeak omen dira zolda-belarra (Symphytum officinale) eta zolda-belar txikia (Symphytum tuberosum). Zoldutakoak bezala, zoldu aurretik zauriak gozo orbaintzeko ere aukerakoak. Berbena eta hirurak azalerako belarrak dira, zein baino zein indartsuago eta soinaren barrura ez sartzeko adina toxiko. Ez edan, beraz, haren urik! Ahuldade bikaina harrapatua du nik dakidan batek...