argia.eus
INPRIMATU
Etorkinak, eta zer?
Miel Anjel Elustondo 2013ko maiatzaren 07a
Amelia Barquin (Bilbo, 1965). Filologia Erromanikoan doktore. Etorkina zuen aita, Kantabriatik etorria. “Gaur egun, ikusten dut nola joan zen bertakotzen, zein estrategia garatu zituen horretarako. Bilboko Arangoiti auzoan bizi ginen, langile auzo peto-petoa. Espainiatik etorriak ziren bertako guzti-guztiak. Bazen emakume bat ‘la vasca’ esaten ziotena! Euskaldun bakarra Arangoitin! Gure etxepean baziren Extremadura, Gaztela, Galizia eta gainerako bazter guztietatik etorriak. Eta langileak. Euskalduna ontziolan lan egiten zutenak, hainbat…”.

Amelia Barquin Mondragon Unibertsitatean, HUHEZIn hasi zen lanean 1999an, gaztelania erakusten. Joan deneko bederatzi urtean, berriz, hizkuntza ez ezik Kultur Arteko Hezkuntza, Herritartasunerako Hezkuntza eta beste, erakusten ditu. Bi ume dituzte, etorkinen portzentaje handia duen ikastetxean. “Bizi garen auzoak eskola bat du. Hura zen guretzat aukera naturala. Auzokoa, D eredukoa, publikoa… Etorkinak joaten omen ziren. ‘Bai, eta zer?’, gure erantzuna, ez diogu horri beldurrik, ez dago zertan izan eta. Auzokoak joaten ziren eskola horretara, ez besterik. Oso gustura gaude, eta eskola ere aurrera doa. Klaustroa oso saiatua da, metodologikoki oso aurreratua, hezkuntza estrategia puntakoak darabiltzate, dela bikote hezitzailea, proiektuen araberako irakaskuntza, aniztasunarekiko sentiberatasun handia… Aniztasuna altxor da ikastetxean. Oso eskola interesgarria da gaur egun, eta aniztasuna izan da berrikuntzarako akuilu”.