argia.eus
INPRIMATU
Banku eta enpresa erreforma
Juan Mari Arregi 2010ko martxoaren 16a
Banku eta enpresa handien batzar orokorrak 2009ko emaitzak azaltzen ari dira. Joan den asteburuan BBVAk egin zuen berea Bilbon, 4.210 milioi euro garbi irabazi ditu. Laster gauza bera egingo du Iberdrolak Bilbon, honek 2.824 milioi euro irabazi ditu. Bilbon jaiotako bi enpresa horiek exekutibo handiek jasotzen dituzten soldaten adierazle dira. Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan gehien ordaindutako exekutiboa Ignacio Sánchez Galán da, Iberdrolako presidentea. Iaz zortzi milioi euro baino gehiagoko sarrerak izan zituen. Soldataren bidez 5,34 milioi euro jaso ditu eta 3,05 euro helburuak lortzeagatiko gratifikazioetatik. Francisco González BBVAko presidentea dago bigarren tokian. Iaz zortzi milioi euro jaso zituen, 5,3 milioi euro soldatan eta 2,8 akziotan. Gonzálezek bestalde, 80 milioi euro pilatu ditu jubilatzen denerako. Ibexeko 31 enpresetako kontseilarien soldatek 278 milioi euro baino gehiago osatu zituzten iaz eta goi zuzendaritzako kideen artean 314 milioi euro banatu zituzten.

Jasaten ari garen krisi garaian datu horiek iraina dira gizartearentzat, eta are gehiago, banka handia herritar guztion zergen bidez porrotetik libratu behar izan denean. Orain, arduradun eta kudeatzaile horiek gobernuari eskatzen ari dira lan erreforma gogorra egiteko, alegia, soldatak murrizteko, kaleratzeak merketzeko, jubilatzeko adina luzatzeko... Gobernuek nazionalizazioaren alde egiten ez dutenez, hobe lukete enpresa eta banka erreforma sakona egitea eta ezabatzea soldata lotsagarri horiek, haborokinak, kalte-ordainak eta milioika eurotako pentsioak. Eta desagerrarazi ditzatela paradisu fiskalak, horietako askok milioika eurotako zorroak hor gizentzen baitituzte.