argia.eus
INPRIMATU
Banketxeak gizentzeko erreformak mahai gainean
  • Martxoan mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herrian diharduten sindikatuek, eta batez ere gehiengo sindikal abertzaleak, Espainiako Gobernuak egin nahi duen pentsio eta lan erreformari kontra egiteko. Gobernuak ematen dituen pausoen arabera, greba orokorra deitzea iragar liteke.
Daniel Udalaitz 2010ko martxoaren 16a
Pentsioak
Sindikalgintza abertzalearen oinarrietan, greba orokorraren aldeko giroa sortzen ari da. Horretan lagundu dute martxoan egin diren mobilizazioek, tartean martxoaren 2ko hau.Lander Fdz. Arroiabe / Argazki Press
Gogoan dugu garai honetan eta egungo egoeran, iazko maiatzaren 21ean egin zen greba orokorra. Krisi ekonomikoaren erdian deitu zuen Hego Euskal Herriko gehiengo sindikal abertzaleak (ELA, LAB, ESK, STEE EILAS, EHNE e HIRU), eta babes handia lortu zuen langile eta herritarren artean. Eta berau gogoan dugu, garai hartan kalera ateratzeko arrazoirik egon bazen, orain, are arrazoi handiagoak daudelako, kontuan hartzen badugu mahai gainean direla Espainiako Gobernuak patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen laguntzarekin planteatu nahi dituen lan erreformarako eta pentsioetarako neurri zehatzagoak.

Sindikalgintza abertzalearen oinarrietan, greba orokorraren aldeko giroa sortzen ari da. Horretan lagundu dute, batetik, martxoan egin diren mobilizazioek: sindikatuetako delegatuen mobilizazioak martxoaren 2an, emakume langilearen nazioarteko eguneko mobilizazioak martxoaren 8an, eta lehen fase honi bukaera emanaz, martxoaren 27an Hegoaldeko lau hiriburuetan egingo diren manifestazioak.

Tarte horretan egin dituzte CCOO eta UGT sindikatuek ere euren mobilizazioak, bakoitzak bere aldetik, Euskal Herriko hainbat herritan eta Espainiako Estatuan. Ez dirudi ordea, CCOO eta UGT sindikatuak, patronalarekin eta Espainiako Gobernuarekin negoziatzen dutenak, greba orokorra planteatzera iritsiko direnik.

“Krisia ordaindu dezalaeragin zuenak”

Gehiengo sindikal abertzalearentzat, krisi ekonomikoak baditu erantzuleak: bankariak eta patronala. Horiek dira, sindikatuon hitzetan, krisiaren ondorioak ordaindu behar dituztenak, eta ez langile eta herritarrak. Eta orain berriz, Espainiako Gobernua saiatzen ari da krisiaren aurkako errezetak mahai gainera ateratzen. Baina errezeta hauek, honakoek inposatutakoak dira: Banketxeek, Nazioarteko Diru Funtsak, Munduko Bankuak, Europar Batasunak, Espainiako Bankuak eta patronalak.
Errezeta horietako bat da pentsioen erreforma, zeinak bi urtez atzeratu nahi duen erretiroa hartzeko adina (67 urtera arte) eta gehitu egin nahi dituen erretiro saria jasotzeko kotizatu beharreko urteak. Beste errezeta bat da lan erreforma, kaleratzeak merkeagotuz. Errezeta horiek langileen kontrakoak dira, eta gizartearen kontrakoak, sindikatuen begitan.

Testuinguru honetan, gehiengo sindikal abertzaleak nabarmentzen du, indar osoa duela krisiaren kontra eginiko Dekalogoak. Dekalogo hori 132.000 euskal langilek sinatu dute. Enplegua mantentzearen alde egiten du, kaleratzeen aurrean, baita iruzurra ezabatzearen alde ere, eta kontratazio garaian diskriminazioa ezabatzearen alde, gizarte prestazio handiagoen alde, eta txirotasun mugatik gora egongo den soldataren alde. Era berean, gizartea babesteko sistema propioa eskatzen du Dekalogoak.

Bankuaren esanetara

Sindikatu abertzaleentzat, pentsioen erreformak ez du beste helbururik, bankuen interesen zerbitzura aritzea baino, pentsioak pribatizatuz. ELAko idazkari nagusiak salatu duenez, “Zapaterok Botinentzat egiten du lan, bankuentzat, pentsioen gaian, pribatizatzea baita kontua, Bankuari fondoak emateko”. Patronala, bere aldetik, lan baldintzen kontra egin nahian ari da. LABeko idazkari nagusiak adierazi duenez, “erreformak errezeta zaharrekin egin nahi dira, eta ez dira eraginkorrak langileentzat. Erretiroa atzeratzen saiatzen dira, kaleratzea merketzen, pertsonala murrizten, malgutasuna areagotzen...”.
Pentsio eta lan erreformen klabeak
Sindikatu, patronal eta alderdi politikoek asko kritikatu dituzte Espainiako Gobernuak proposaturiko erreformak. Baina ez edukiagatik, horretan nahiko ados baitaude denak, iritzi publikora zabaldu direlako baizik, diskrezioz eta Toledoko Paktuaren arabera eraman beharrean –paktu horretan gobernuak, sindikatuak eta patronalak negoziatzen dute–.

Gobernua erretiro adina 67 urtera atzeratu nahian dabil, eta pixkanaka aplikatuko litzateke erabaki hori, 2013tik aurrera: urtero bi hilabete atzeratuko litzateke erretiro adina, 67 urtera iritsi arte. Egun, jubilazio adina 65 urtekoa da, nahiz eta 2008tik posible den, borondatez, lan garaia 70 urtera arte atzeratzea: egiten duenak, pentsioan %2ko igoera jasotzen du gehiago lan eginiko urte bakoitzeko. Pentsio bat jasotzeko 15 urtez kotizatu beharra dago, eta %100 kobratzeko, 35 urtez. Pentsioa kalkulatzeko erabiltzen den formulak kontuan hartzen du, baita ere, oinarrizko kotizazioa (azken 15 urteen oinarria). Espainiako Gobernuak epe hori handitu nahi du, eta beraz, azken hamabost urteak kontatu beharrean –normalean gehien kobratzen eta kotizatzen diren urteak dira–, lan bizitza osoko kotizazioa, edo azken 20-25 urteetakoa kontatuko lirateke. Bestalde, aurrejubilazioak 58 urtetik gerora egitea nahi dute. Orain arte 52 urtetik aurrera egiten dira.

Lan erreformarekin, Gobernuak nahi du kontratuak egonkorragoak izatea, egungo prekarietatearen ordez. Horretarako proposatuko luke kaleratzearen kostua merkatzea, lan egindako urteko 45 egunetik, 33 egunera. Era berean, lanaldi murrizketa ordainduak gehitu nahi ditu, denbora bat formazioari eskaintzeko.

Patronala, bere aldetik, zabor kontratu berrien bila dabil.