Beñat Oihartzabalek Berrian esanak: "Euskara etxetik ikasi zutenek ergatiboa normalki baliatzen zuten, eta besteek, eskolan ikasi zutenek, ez zuten berdin menderatzen. Euskarak Europako panoraman nortasun linguistiko azkarra du, eta ezaugarrietako bat da hizkuntza ergatiboa izatea. Garai hartan erraten zen ergatiboa beharrezkoa zelako egon zela, bestenaz gauzak ez zirela argi. Hori ez da hala, elkarren artean haurrek ez zuten komunikatzeko trabarik".
martinrezola erabiltzaileak Tirakan esanak: "Euskal Herrian, linboan gabiltza oraindik. Adeitasuna, progresibotasuna, gaizki ulertutako kortesia-sumisoa… eta orain elebitasun pasiboa. Sakon aztertzeko gaia da elebitasun pasiboarena, eta berri-berria ere ez, guk geuk ere sesquilinguismo izen ponpoxoarekin aspaldian aipatu baikenuen hementxe [Tirakan]. Niri neuri oso estrategia egokia iruditzen zait. Areago, estrategia bakarra da. Baina esan beharra daukat horretarako ezinbesteko baldintza euskaldun aktiboak egotea dela, alegia, beste horien euskalduntasun pasiboa aktibatuko duten euskaldunak egotea. (...) Ni Administraziotik ari naiz. Eta sentitzen dut, baina elebitasun pasiboaren predikatzaileak berak aktiboki exenplua ematen ikusten ez ditudan arte, utzidazue sinesgogor xamarra izaten".