Azken datu estatistikoen arabera ia %10 dira udaberriaren etorreraren beldur diren herritarrak –portzentaje handia, beraz–, alergia ditxoso horiengatik, eta haiek sorrarazten dituen sintoma deserosoengatik: malko ugari, sudurreko kongestioa, begi, eztarri eta faringeko azkura, eta abar. Kasu larriagoetan arnas zailtasuna eta asma ere ager daitezke.
Sintoma horiek sistema immunitarioak emandako erantzun gehiegizkoaren ondorioa besterik ez dira. Pertsona “normalentzat” inolako kalterik gabekoa den substantzia batek –kasu honetan polenak, baina beste edozein izan daiteke– eragiten du erantzun alergikoa, histamina izeneko substantzia kimikoa askatzen delako zeluletan. Kutsadura atmosferikoak indartu edo areagotu egiten du lore-hautsaren eragin alergenikoa. Horregatik, alergia usuagoa eta nabarmenagoa da hirietan, bestelako giro naturalagoetan baino.
Alergia nola sortzen den ikusi ondoren, prebentzio-neurri bezala sistema immunitarioa alferrik ez kargatzen edo zirikatzen saiatzea da egin dezakegun gauzarik onena.
Kanpoaldean jarduerak, ahal izanez gero, goizeko lehen orduetan eta arratsaldeko azken partean ez egitea komeni da. Ordu horietan baitago polen-kontzentraziorik gehien eguratsean. Bestetik, hauts asko duten giroak eta lekuak saihestu behar dira, eta autoan goazenean leihoak ondo itxi. Etxeak, noski, hauts eta hezetasunetatik libre egon beharko du.
Janari-alergiak dituenak errazago jasango ditu udaberriko alergiaren sintomak. Horregatik, pertsona horiek hobera egiten dute beren dietan alergia eragiten dieten jan-edanak murriztu edo erabat baztertzen dituztenean, esnea adibidez.
Zenbait elikagai oso mesedegarri zaizkie alergikoei. C bitaminak (laranjak, kiwiak) defentsak orekatu eta histamina neutralizatzen du. Laranja-koloreko barazkiek eta frutek mukosak babesten dituzte.