Albistea, laban hotza, bizkarretik iritsi zen euskal hedabideetara. Askorekin kolaboratu zuen:
Euskaldunon Egunkaria, Berria, Euskalerria Irratia, Argia... Ganibet gaiztoak zauritu zuen, halaber, dantza mundua: Duguna taldeko kide, San Lorentzoko dantzen sorreran partaide,
Dantzariak aldizkariaren koordinatzaile, beti ikerle, beti langile. Eta aiztoa euskal literaturaren bihotzeraino sartu zen: galdu da Nafarroako euskal literaturak izan duen historialari saiatuenetariko bat;
Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra irakurtzea besterik ez dago, horretaz jabetzeko. Liburu horrekin batera aurkeztu zuten, 2004ko abenduz,
Baziren, bagara manifestua. Orduan inork gutxik pentsatuko zuen, bost urte pasatxoren buruan, Bidador esaldiko aurreneko hitzera eramango zuenik heriotzak.
Gasteizen ikasi zuen euskal filologia. Laugarren mailan eskatu zioten euskal idazle bati buruzko lana egiteko. Eta Bidadorrek Enrike Zubiri
Manezaundi aukeratu. Irakasleak ezetz. Aukera zezala “Bizkaiko idazleren bat”. Ezin dugu jakin nori buruz egin zuen lana; bai ordea, har bat sortu zitzaiola barruan; eta denborarekin, Nafarroa ofizialak herrialdeko euskal idazleei eskaintzen zien tratu eskasa ikusirik –baita, zertarako uka, EAE ofizial eta ofizioso ia guztiak ere–, lanari ekin zion. “Zerbait egin behar zela iruditu zitzaidan” esan zion Alberto Barandiarani
Berrian, “zerbait” hori, Nafarroako euskal literaturaren historia ezagutzeko ezinbesteko liburua, aurkeztu zuelarik.
“Zerbait”. Irakurtzen dituzu Bidadorrek
Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian idatzitako “Klasiko bitxi, arront klasiko” saileko artikuluak, eta daukazun sentsazioa da norbaitek, disimuluan, opari handiegia egin dizula. Handiegia esker hitz egokiak aukeratu ahal izateko. Eta sentsazio horrek inguratzen du Bidador bere osoan. Haren lagun Patxi Larrionek baieztatu du, telefonoaren beste aldetik: gizon “abarkaezina” zela, hainbeste eremutan hainbeste lan. Jon Alonsorekin batera idatzia dio testu bat,
Biba Bidador. Handik hartu dugu esaldia: “Basamortuan putzua ateratzeko zale, jakinik putzuak badirena, eta bilatu egin behar direna. Ez ohi dugu sinesten zerbait ostu digutela, ez eta sinesten dugulako plantak egiten ditugunean ere. Joxemielek gure buruarengan sinesteko indarra ematen zuen bere jakinduriaz”.
Eta jakinduria hori oparitzeko trabarik ez: batek oroitu du zein eskuzabal utzi zion bere ordenagailutik nahi adina artxibo kopiatzen, kafe bat prestatzera joanda; beste batek dio irakaslerik onena bera zela; hirugarren batek, Bidadorrekin hitz egiten zuenero, zerbait ikasten zuela. Erudizio horren parte bat utzi du liburu eta artikuluetan. Gaur malkotarako diren begiek, irakur ditzatela bihar merezi duten arretaz.
[Bidadorrek Egunkarian eta Diario de Noticiasen idatzitako artikuluak bildu dituzte
armiarma webgunean]