Historia tematia da

Berriki ikusitako A mejor vida antzezlana eta Invictus filma darabiltzat buruan. Batean Morgan Freeman-ek Mandelaren papera egiten du, apartheida amaitu osteko Hegoafrikan; bestean Concha Velascok gaztetxo musulman bat hezi eta hazi duen atso judutar batena. Biek ala biek hitz egiten digute elkarrekin bizitzera kondenatuta dauden kultura edota herri diferenteei buruz. Lehenengoan maila domestikoan, bigarrenean ikuspegi politikoagoz, bietan aldarrikatzen da elkarrenganako errespetua. Hegoafrika, Palestina, Irlanda... Badakit, jakin, kasu diferenteak direla, baina funtsean gauza asko dute komunean eta konbentzituta nago guztietatik ikasi daitekeela guztietarako.

Asteotako gaia ezker abertzalearen Zutik Euskal Herria dokumentua izan da. Esperotzekoa zen bezala, batzuek oso aurrerapauso garrantzitsutzat jo dute eta beste batzuek betiko kontutzat hartu. Ñabardurak ñabardura, neuk ere pentsatzen dut funts-funtsean ezer berririk ez dagoela. Bestelako zentzuan, ordea. Bide politikoetatik baino ez, botizkeriazko inolako injerentzirik gabe... Hori berori askotan entzun diogu ezker abertzaleari. Egia da. Egia den bezala hamarkadatan horixe egiten saiatu dela: politika, hain zuzen. Egiten utzi ez diotena, gehienetan, ETA aitzakia. Ezin ukatu, halere, ñabaduren inportantzia: milaka lagunek eginiko hausnarketaren emaitza da deklarazioa, Mitchell Printzipioak aipatzen ditu...

Pelikulako Mandelak barkamenaren apologia egiten du. Gehiegitxo iruditzen zait niri horrenbeste sufritu duen jendeari barkatzeko eskatzea. Barrabaskeriak eta sufrimentua bi aldeotan egin direla onartzea, aldiz, gutxien-gutxieneko abiapuntu posiblea iruditzen zait, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko konpromisoa lortu nahi bada, beti ere elkarrenganako errespetuan oinarriturik. Aipaturiko Mitchell printzipio horien arabera, besteak beste, alde guztiek lan egin beharko lukete hilketak, zigorrak eta abarrak berriro gerta ez daitezen. Badirudi ezker abertzalea horretan diharduela; besteak, aldiz, ez dakit. Izan ere, azken hilabeteotan PSOE eta PPko ordezkariek erabili dituzten oldarkeria eta hizkera belizista ez datoz bat filosofia horrekin.

Mandelak eta Arafat-ek erresistentzia armatuan parte hartu zuten. Nik dakidala, ez zuten inoiz biolentzia kondenatu. Terrorista deitu zieten. Urte batzuk geroago Bakearen Nobel Saria eman eta, azkenean, beraien herriek presidente aukeratu zituzten. Historia tematia da.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude