Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean hiru eleko eredua. Lehendik ere bagenekien asmo hori zutela eta orain zehaztasun gehiago eman dute. Laster deialdia luzatuko die Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastetxe publiko eta hitzartuei, nahi izanez gero hiru urteko esperientzia pilotuan parte hartzeko. Izena emandako guztietatik berrogei aukeratuko dituzte, Lehen Hezkuntzako 4. mailakoak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailakoak. 2.000 ikasle inguruk hartuko dute parte. Lehen Hezkuntzakoak hizkuntza bakoitzean (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) gutxienez bost orduz arituko dira eta Bigarren Hezkuntzakoak gutxienez sei orduz.
A, B eta D ereduetako ikasleek nolako euskara maila duten jakiteko ikerketaren berri izan genuen. Emaitzak ez ziren pozez zoratzekoak. Ikasleek nola eta nolakoa ikasiko dute euskara eredu berri horretan? eta gaztelania eta ingelesa?