Irlandako gatazka: Egon nintzenean egoera oso korapilatsua zen. Harremanak bi aldeekin landu nituen, baina harreman handiena errepublikar jendearekin egin nuen, 1995ean oso pesimistak ziren bi aldeak, egoera oso gogorra zen. Hango gatazka konpontzeko lotu beharreko hariak, hemengoak baino askoz konplikatuagoak zirela ikusten genuen guk, baita irlandarrek beraiek ere.
Palestina-Israel gatazka: Osloko akordioak sinatu berriak ziren liburua idatzi nuen garaian, autonomia hasi berria. Yasser Arafat gobernu autonomoaren buru izendatu berria zen. Inongo gatazka zailena konponbidean jartzen ari zirela ematen zuen. Gero ikusi denez, okerrera egin du. Kontziente ziren oso zaila zela. Batzuek zioten Jerusalemeko auzia konpontzeko modu bakarra hiria suntsitzea eta berria egitea zela. Halako ezintasunak halako “txantxak” eragiten ditu. Hala ere, nazioarteko behatzaile edo bitartekari batek behinola hauxe esan zidan: “Ez esan nik esan dudala, baina munduan konponbiderik ez daukan auzi bakarra Ekialde Hurbilekoa da. Zuena, euskaldunena, horren aldean askoz errazagoa da”.
Ikaspenak: Irlandan ikasi nuen errealitatea ezin dela ikuspegi bakar batetik kontatu. Falls eta Shankill kaleak paralelo daude, eta garai hartan hesi batek bereizten zituen. Oso arriskutsua zen alde batetik bestera ibiltzea. Batera eta bestera joan, eta alde bakoitzak bere egiak kontatzen zituen, eta bienak ziren kontuan hartzekoak. Ez zenuen sentitzen inork gezurra kontatzen zuenik, bakoitzak bere errealitatea bizitzen zuela baizik.
Palestina eta Israelen arteko gatazka besterik da. Alde bat eskubiderik gabe bizi da, zanpatua. Israelek nazioarteko babes handia dauka, militarki izugarri prestatuta dago. Bi errealitateak zuria eta beltza ziren. Irlandan, aldiz, bi aldeak grisak ziren. Gurean ere gatazka gainditu daitekeela ikasi dut.