argia.eus
INPRIMATU
Dantza norbere barrutik hasten delako
  • Betagarri ::Bizitzari txistuka

    Elkar

    iraupena ::53´47´´

    prezioa ::12€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Gasteiztarrek bizitzari txistuka jarraitzen dute haizeari aurpegia emanda eta beti aurrera eginez. Disko hau lokalean bertan grabatu dute eta oso dotorea da. Jamaikako usaina ezin dute gainetik kendu –eta ez dute nahi–, baina oraingoan Kubako maisuen beteranotasuna eta soinua gehitu dizkiete haizezko instrumentuei zenbait abestitan. Bestalde, badira Mighty Mighty Bosstonesen pareko erritmo zoroa duten piezak, taberna zuloetan mozkorrek elkarrekin abestu ditzaketenak –gaztelaniaz–, soul alderdi handiagoa dutenak, rockean erabat barneratutakoak ingelesez, The Clash-en arrasto itzela dutenak eta REM taldearen pareko leloak batu dituztenak ere –ez da broma!–. Baina ez dira aldatu. Eta hitzetan, ederto jantzitako istorio xamur bezain egiazkoak aurki ditzakegu, gertukoak eta tarteka hunkigarriak.

www.betagarri.com
Joe Strummerrek iraultza garrantzitsua egin zuen; ezinbestekoa da musika ulertzeko dugun moduan

“Haizeak ez lituzke eramango amodiozko hitzak norbaitek idatzi izan balitu abesteko”. Gauza asko daude jaso beharrekoak, ezta?


Abestiak egitearen inguruko hitzak dira, eta hainbeste jenderentzat hain garrantzitsuak diren abestiei buruz. Horretaz aparte, oso erromantikoak gara [barrez].

Sweet Mary moduan bizitza bikoitza duzue? Zelan uztartzen dituzue ska tiranteak eta mantal zuria?


Ez da erraza halako bizimodua egunerokotasunean ezartzea: semeak, bikoteak, oporrak... Laster hamazazpi urte izango dira hasi ginenetik eta gai izan gara, nola-hala, bizimodua aurrera eramaten.

Irratitik deika Joe Strummerri omenaldia da? Soinu beltza eta rocka batzeko orduan, eredu dira The Clash zuentzat?


Bai. Strummer oso pertsonaia garrantzitsua izan da musikaren historian, eta batez ere guk ulertzen dugun moduan. Izan ere, musika modu askotan uler daiteke, eta Strummerrek iraultza garrantzitsua egin zuen, gero askok jarraitu zutena. Bestalde, eredu izan ziren estilo nahasketa horretan, baita gizarte-kritika erabiltzen, ez nihilisten moduan, beste jarrera batekin baizik.

90 minutuko zintak. Musikak eta kantek lehen besteko balioa dute gaur egungo entzuleentzat?


Guk lehen ordu eta erdiko musika zinta bat osatzeko, orduak ematen genituen grabaketak egiten, lagunei zintak eskatzen, irratitik zuzenean grabatzen eta “gure” zinta osatu eta maite genuen. Orain, gaztetxoek, pendrive batekin 7.000 abesti elkartrukatzen dituzte, eta horrek halabeharrez, balioa kentzen dio musikari. Tristea da, baina hala da.

“Begiak”, “begirada”... askotan agertzen dira hitzetan. Begiekin “entzuten” duzue?


Pertsona baten izaera begietan laburbildu daiteke. Zaila da begiekin gezurra esatea. Neska batek daukan ederrena begirada da. Aspaldian taldean erabiltzen dugun esaldia “la vida es fijarse” da; eta egia da, begiak zerbaitetarako ditugu. n