argia.eus
INPRIMATU
Bi erronka
Joxemari Ostolaza 2010ko martxoaren 11
Batera jo beharrekoak ditugunak hemengo aldeko datorren bozetan. AHT eraikitzeak sor lezakeen lur antolaketa berriaren desoreka ekologikoaren ekiditea batetik, eta hiru probintzia hauetako egitura propioa sortzearen aldekoa bestetik. Bata bestearen ondorioa dugu. Botererik gabeko eskualdeetan, Eliseoak zernahi egin dezake biztanlegoaren gainetik, inori eta ezeri kasurik egin gabe. Zentralismo erradikalenaren eredu den Frantziak erabakimen osoa du gure ingurua antolatzeko garaian, guretzat ordain eta isil lege autoritarioa onartzea baino tokatzen ez zaigularik. 14an hortzak erakutsi behar dizkiegu eta 21an hozka egin Batera, Iparralde honetarako gure instituzioa galdetuz. Lan eskerga egina da joan urteetan oraingo egokiera baliatzeko, alderdi, sindikatu eta bestelako elkarteek helburu berak katean mailakatuz eta era askotako eragozpenak gaindituz. Orain lehen uzta biltzeko garaia dugu bestelako parioei ekiteko partidaz partida gure indarrak erakutsiz. Gipuzkoako Usurbilek erakutsi digu bidea, botere lokalaren indarraren zilegitasuna, demokraziaren izenean nekez ukatu dezaketena. Atez ate nahiago ordezkariz ordezkari baino, norberarenak besteen esku utzi gabe.