argia.eus
INPRIMATU
Bazen behin... potxolada bat telebistan
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2010ko martxoaren 10
Ipupomamua. Zuzendariak: Iñaki Agirrezabal / Anjel Alkain. Nagore Aranburu. Iraupena: 25 minutu.
Ikusteko: Ostiraletan 16:30ean ETB1-en; ostegunetan 21:30ean ETB3-n; eta eitb.com-en denak ikusgai.


Gustura sentitzen naiz Ipupomamua programak sortzen duen mundu imaginarioan. Gidari atsegina da Aranburu, exageraziorik gabe, halako baretasun positibo bat transmititzen duena. Bizikletaz eramango zaitu gaira: tren geltokira, untzi museora...

Dosi txikitan, pertsonaia asko agertuko zaizkizu pantailan, bakoitza ongi zehaztutako lanera: gaiari lotutako liburu batzuk ekarriko dituen liburuzaina, pasarteren bat irakurriko duten haurrak, ilustrazioak azalduko dituen artista, zinemara eramandako filmen argi-itzalak agerian utziko dituen zinefiloa, telebistara hitzaren magia ekarriko duen ipuin-kontalaria...

Potxolada bat. Haurretatik kozkorretara, adinaren arabera gehiago edo gutxiago ulertuko dute umeek haria, baina adin tarte zabal horrentzat badu erakargarritasunik. Eta gurasoei ideia asko ematen dizkie, ipuin berriren bat ikasiko dute agian, edo kontatzeko modua, ipuinen erreferentziak...

Moralinarik gabe, modu naturalean hainbat balio transmititzen ditu, detaile txikien bidez. Aipaturiko txirrindaz gain, etxean kontatzen dugu programa horretan entzundako gabon ipuina, birziklatzearekin lotutakoa.

Proposamen gisa, gai konkretuekin batera (elurra, itsasoa...), pertsonaren garapenarekin lotuta dauden gaiak gustura ikusiko nituzke programan. Esaterako, beldurra, zeloak, asko-nahia... Ipuinak ispilu ederrak baitira eguneroko korapiloak ikusi eta irtenbideak bilatzeko.