Landareen tumore edo lupu artean ibili eta gero, gure tumore edo lupuak, “lupuak helduko al dink”, sendatze bidean erabiltzeko dugun landare aukera izugarriari heldu nahi diot. Gero eta handiagoa den aukera, egunetik egunera hazten ari den erreskada. Hona familiaka: baratxuria, tipula, porrua, txalota eta tipulina, minbiziaren zelulak hiltzeko ahalmena dute. A bitamina eta likopenoa duten barazki eta fruituak, tomatea, azenarioa, kuiak eta kuiatxoak, albertxikoa, kakia eta abar, zelula gaiztoen hazkuntza eragozle. Itxuraz soiak eta te berdeak ere antzeko lana egiten dute. Fruitu gorriak, ai fruitu gorriak! Masusta, gerezia, ahabia, marrubia, mugurdia... azido miragarrien habia. Eta belar eta espeziak, perrexila, erromeroa, albahaka, oreganoa, mendaroa, mendafina, ezkaia, kanela, kurkuma, jengibrea... hauek sarri dantzatu beharko genituzke, gure plateren zeruetatik gure aho sabaietara. Lizar-hostozko koroa merezi dutenak, jakina, azatarrak: aza bera, Brusela aza, brokolia, buru-aza, zuhain-aza, azalorea, arbi-aza, aza gorria, aza kizkurra, romanesku aza, aza txinatarra... aukera eta merkea botika.
Landareen mundutik urrutira gabe baina kanpoan, perretxikoak ere oso onak dira lupuari heltzeko lanean, defentsak galanki indartzen baitituzte. Landareak direnak eta ez direnak animalion lupuaren aurka. Landareek beren gisa egiten dutena egiteko, bizi, guk beraiek hil behar ditugu, jateko. Jate honetan gizakiok baino etekin hobea lortzen dutenak badira. Elysia chlorotica molusku edo itsas barea adibidez. Gorbelak, algak jaten ditu eta hauen eskasia dagoenerako prest izaten da. Algen kloroplastoak azalean jasotzen ditu, eskasi garaian jakiak sortzeko fotosintesia berak egiteko. Honek berde kolore ederra ematen dio. Soil-soilik landareena zela uste zen sintesi hau egiten zuelako ezaguna egin zen lehen animalia. Behiak edo belarjaleok inoiz berdetuko ote gara?