argia.eus
INPRIMATU
“Txaparro”k ez du segiko
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko ekainaren 30
Zarauzko (Gipuzkoa) herri aldizkaria da Txaparro, euskara hutsean argitaratzen dena. 2001eko irailean jarri zuen abian Txaparro Kultur Elkarteak eta duela egun batzuk jakinarazi dute 125. zenbakia azkenekoa izango dela, oraingoz behintzat. Doan banatzen zen postontzietan eta ezinbestekoa izan dute erakunde publikoen diru-laguntza. Zarauzko Udalaren diru-laguntza izan dute batik bat eta elkarteko kideen hitzetan, azken bost urteetan murrizten joan dira kopuruak, eta erabaki larria hartu dute. Dena den, elkarteko kideek adierazi dute Txaparro Kultur Elkarteak aurrera jarraituko duela eta horri bultzada ematen ahaleginduko direla.

Ez da ateak ixten dituen lehen aldizkaria. Geu Gasteiz dugu gogoan eta baita Azkoitiko (Gipuzkoa) Maxixatzen ere. Diru-laguntzen murrizketek gogor jo die aldizkariei eta lehendik ere nekatuxe zebiltzan indarrak ahuldu egin dira.

Itxi zaharra ez den Azkoitiko aldizkariko kide batek esandakoa daukat gogoan: “Aldizkaria utzi behar izan dugu, ezinean genbiltzan, baina euskara elkartean hausnarketa egiteko gogoa sumatu dut. Egia esan, uste dut ondo etorriko zaigula geldialdia”. Arnasa hartu eta pentsatzeko garaia.