argia.eus
INPRIMATU
Munduko ordularirik zehatzena
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko martxoaren 03a
AEBetako NIST institutuko talde batek munduko erlojurik zehatzena prestatu du: aluminiozko ioi bakarra duen ordulari optikoa. 3.700 milioi urte iraun dezake, eta epe horretan izan dezakeen desbiderapena segundo batetik beherakoa da. Orain arte, munduko ordularirik zehatzenak ordulari atomikoak izan dira, zesio-133 atomoaren bibrazioetan oinarrituak. Izan ere, segundo baten iraupen zehatza zesio-133aren bibrazioen arabera definituta dago. Estimatzen da ordulari atomikoek 80 edo 100 milioi urte iraun ditzaketela, segundo bat baino desbiderapen txikiagoarekin.

Ordulari atomikoak ordulari optikoez ordezkatzeak zilegi dirudi orain, baina zientzialariek uste dute hobe dela probak egiten jarraitzea, aluminioa ez den beste atomo batekin emaitza hobeak lortuko direlakoan baitaude. Eta ez da ahaztu behar munduan dauden ordulari atomiko guztiak ordezkatzea ez dela batere merkea.