argia.eus
INPRIMATU
Lupuak heldu
Jakoba Errekondo 2010ko martxoaren 03a
“Hago geldiik kurkubioi”, esan ohi diote Sakana aldean beti dantzan dabilenari, eta Gipuzkoa finean kurkubiari poxpolin. Ttikia da kukusagarra, “kurkubia baino handiagoa ez da eta...”  diote, konparazio batera, Zerainen. Ttikia baina, jolaserako egokia, forma halakoa. Kaniketarako adibidez, lurrean mugatutako borobiletik ez ateratzera. Baita ziba gisara, etengabeko dantzarako. Lastoaren ipurdi aldeko puska lodiena ahoan hartu eta handik putz eginez ea nork eusten zion kukusagarrari gainean luzeen...

Tumorea, lupua da kukusagarra. Landarearen bizkar bizi nahi duen apopilo argi batek eragiten du tumorea. Apopiloa onddo bat edo animaliaren bat da gehienetan. Onddoak, landarearen barrura sartzean zuzenean berak kutsatzen du. Animaliak, aldiz, bere ondorengoak sortzeko jarriko dituen arrautzei habia aproposa antolatzerakoan landareari egiten dizkion zaurietan. Guretzat ezagunenak diren kukusagarrak intsektu zinipido baten eta landarearen artean eraikitzen dira. Intsektu emeak haritzaren begi batean arrautza jarriko du, begia hazteko beharko lukeen energia eta izerdia kukusagarra izango den tumore bihurtuko da, eta bere barruan intsektu kumea haziko da.  Gero, kumea heltzen denean, zulo bat egin eta lasai asko irten eta alde egingo du.

Geurean landareen lupu ohikoenak haritza eta ametza jotzen dituztenak dira, zuhaitz geureenetakoak, begiratuenetakoak baitira. Makina bat lupu bada bestela ere: artean, pagoan, astalarrosan, zumean, sahatsetan, makaletan, zumarrean, ezkian, mahatsean, hatzan, lizarrean, intxaurrondoan, muxikan, almendrondoan, artoan... Oraintxe nonahi bada luputik eta gure irain iraintzaileena “lupuak helduko al dink”. Jolasetik irainerako tartea intsektu arrautza ñimiño bat.